Asteazkenetako ibilaldiak, hausnarketara

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 10a, 18:31

65 urtetik gorako herritarrek jarduera fisikoa egin dezaten bultzatu eta asteazkenero herrian barrena osteratxoak eginez haien bizi kalitatea hobetzen laguntzea helburu duen "Usurbil, goazen kalera" egitasmoaren etorkizunaz hausnartzera gonbidatu nahi ditu Usurbilgo Udalak, ekimen honen balizko erabiltzaileak. Egunotan, gai honi buruzko galdetegi bat jasoko dute. Irailaren 25a baino lehen bete eta Udalak egokitutako kaxetan uztera gonbidatzen dituzte.

Covid19-ak ekarritako beste albo-kalte bat; martxoaz geroztik etenda daude 65 urtetik gorako herritarrek asteazkenero herrian barrena egiten zituzten osteratxoak. Usurbilgo Udalak, jubilatu elkarteekin batera sustatu izan duten "Usurbil, goazen kalera" egitasmoaz ari gara.

Adineko eta dibersitate funtzionalak dituzten herritarren bizi kalitatea hobetu eta ohitura osasuntsuak sustatzea duen egitasmoak hiru urteko bidea jorratu du jada herri honetan. Baina bistan denez, ez du une gozoena bizi. Koronabirusaren ondorioz, etenda egon dira hilabeteotan 65 urtetik gorako herritarren kolektiboa asteazkenero tipi-tapa herrian barrena, lagun arte giro ederrean soina mugiarazten zuen udal egitasmoa. Parte hartzeak ere beherantz egin duela ikusita, proiektuaz hausnartzeko tartea hartzea erabaki dute. Galdetegi bat kaleratu du Usurbilgo Udalak, "beherakada honen arrazoiak eta iritziak ezagutuz ekimenari bultzada berri bat emateko asmoz, edo/eta herritarrok horrela eskatuz gero, ekimena bertan behera uztea nahi den jakiteko".

Irailaren 25a baino lehen
Finean, "Usurbil, goazen kalera" egitasmoaren norabidea definitzea da galdetegi honen helburua. 65 urtetik gorako herritarrek egunotan jasoko dute aipatu galdetegia. Berez, udaberrian bidaltzekoak ziren, "baina hori ere Covid19-ak gerarazi zuen: bai galdetegiaren bidalketa, bai ibilaldiak". Ibilaldiek etenda segitzen dute, baina "galdeketarekin jarraitzea pentsatu dute, martxora arte ibilaldien inguruko zein iritzi zuten jakiteko, eta Covid19-ren testuinguruan nola ikusten duten jakiteko. Izan ere, litekeena da kalera atera eta kutsatua izateko beldurrak ibilaldi horien parte hartzean eragina izatea".

Galdetegia osatzeko gonbita luzatu dute. "Galdetegi honek duen garrantzia kontuan izanda, zure arrazoi, iritzi, zein eskaerak ezagutzeko helburuarekin, galdetegia osatzeko esfortzu berezi bat eskatzen dizugu". Galdetegia osatuta, irailaren 25a baino lehen, guneotan egongo diren kutxetan utzi beharko da: adinekoen 3 elkarteetan (Usurbilgo Gure Pakea Elkartean, Santueneko Gure Elkartean edota Aginagako Arrate Elkartean), anbulatorioan edota udal erregistroan.

"Erantzunak jasotakoan baloratuko dute, guztien artean, ekimenak zein bide har dezakeen aurrerantzean", aurreikusi du Udalak.