Koronabirusa

6 kasu berri azken 3 egunotan, kutsatze tasa baxuenetarikoa duen Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 11a, 14:00

Azken 3 egunotan 6 covid19 kasu berri antzeman ditu Osasun Sailak Usurbilen. Martxoaz geroztik ofizialki guztira 37 dira koronabirusa detektatu zaien herritarrak. Halere, 100.000 biztanleko kutsatze tasa baxuenetarikoa izaten segitzen du udalerri honek.

Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia egoera deklaratu zuenetik sei hilabete bete diren ostiral honetan (irailak 11), egunero moduan covid19-ari lotutako azken 24 ordutako datuen berri eman du Osasun Sailak.

Usurbilen 6 kasu antzeman ditu, irailaren 4az geroztik azken 7 egunetan. Honenbestez, iturri beraren arabera, martxoaz geroztik, azken 6 hilabeteotan 37 dira guztira covid19-a detektatu zaien usurbildarrak. 100.000 biztanleko azken astebeteko tasa 94,97koa da udalerri honetan. 

Lasarte eta Usurbil batzen dituen osasun eremuan, 245,17-koa. Eremu horretan azken 7 egunetan 65 kasu antzeman ditu Osasun Sailak, haietatik 6 baino ez Usurbilen. Gipuzkoako hainbat udalerrirekin alderatuta gertatzen den moduan, Buruntzaldera etorrita Usurbilek du 100.000 biztanleko azken 7 egunetako kutsatze tasa baxuena.

Irailak 4-10, Buruntzaldea
-Andoain: 21 kasu azken 7 egunetan, 140,52ko tasa.
-Astigarraga: 10 kasu, 161,81eko tasa.
-Hernani: 51 kasu, 254,83ko tasa.
-Lasarte-Oria: 57 kasu, 302,79ko tasa.
-Urnieta: 8 kasu, 129,42ko tasa.
-Usurbil: 6 kasu, 94,97ko tasa.

Azken 24 orduotan, 8.917 PCR proba egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 574 positiboak izan dira. Haietatik 185 Gipuzkoan (20 Buruntzaldean), 308 Bizkaian eta 70 Araban. 11 EAE-tik kanpo bizi diren pertsonen artean. 42 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, 58 pertsona daude ZIU-n. 

Adituek oinarrizko birsorkuntza tasa puntu bakarraren azpitik egotea komeni dela adierazi izan dute sarritan. Gaurkoan puntu bakar horretan dago. Segidan, covid19-ak hilabeteotan izandako eboluzioaren inguruan plazaratu dituen hainbat grafiko.

Xehetasun gehiago, ondoko estekan: covid19, 2020ko irailak 11