Zumeta omentzeko eskultura eta ekimenak

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 11a, 12:46

Apirilean zendu zen Jose Luis Zumeta omentzen segitzen dute; azken bi gorazarre keinuak eskultura eta kultur ziklo formatuan datoz. Juan Gorriti eskulturgileak "Chromlech" izeneko sortze lanaren pieza bat eman dio Usurbilgo herriari. Rukula musika taldeak bestalde, sortzaile usurbildarraren omenezko kontzertua eskainiko du larunbat eguerdian Nafarroako Zaraten. Bertan, "Zumeta bihotzean" erakusketa ireki dute eta larunbatean hainbat artistek murala sortuko dute. Rukularen emanaldira joan asmo dutenek gaur gaueko 22:00ak arteko tartea dute izen emateko.

Han eta hemen, apirilean zendu zen Jose Luis Zumeta margolaria omentzen segitzen dute. Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez berri eman duenez, "Juan Gorriti eskultoreak 'Chromlech' lanaren pieza bat eman dio Usurbilgo herriari, Jose Luis Zumeta artistaren omenez. Haren semeak entregatu die alkate Agurtzane Solaberrietari eta Usoa Zumetari". Hala dio eskulturak islaturiko mezuak: "Sentimendua da ikusten ez den kolorea. Maitasunez hiretzat Joxeluis".

Omenaldia Zaraten
Bestalde, Bedaio eta Azkarate artean, Nafarroako Zaraten "Zumeta bihotzean-Tabernan nahiago" erakusketa antolatu dute irailaren 26ra arte bertako Zaratetxean. 20 artistek beren lanak ikusgai jarriko dituzte, Azken Muga ekimenaren baitan. Asteburuetan irekiko dute: ostiraletan (18:00-20:00 artean), larunbatetan (11:00-13:00/18:00-20:00) eta igandeetan (11:00-13:00).

Hitzordu honen bueltan, artista parte hartzaileek mural bat sortuko dute larunbat honetan (irailak 12) eta Rukula musika talde usurbildarrak kontzertua eskainiko du. Kontzertura joan nahi dutenek ostiral gaueko 22:00ak arte dute taldearekin hartuemanetan jarri eta izen emateko.

"Aupa familia! Bihar Rukulatarrok Zaraten (Nafarroa) izango gara, Zumeta handiari egingo zaion omenaldian. Ilusio berezia egiten digu Zumeta gogoratzeak, garai hauetan zuzeneko bat eskeintzeak eta nola ez, zuek berriz ikusteak. Beraz, animatzen bazarete idatzi etorriko zaretenon izen abizenak rukulaband@gmail.com helbidera, gaurko 22:00ak baino lehen.
Besarkada bero bat denoi".

Argazkiak: Usurbilgo Udala /Rukula.