Etxealdiako pasabidea zabalik

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 14a, 08:00

Gaurtik zabalik da Kaxkoa eta trenbidea, Atallu zein Santuenea inguruak lotzen dituen zubia. Amaitu dira uztaila hasieratik bideratu diren lanak; Usurbilgo Udalak berri eman duenez, azken ukituak ematen ari dira gaur. 

"Azken ukituak ematen ari diren arren, Etxealdiako zubia erabili daiteke dagoeneko. Uztailaren 20az geroztik izan da itxita, konponketa lanak egiteko", berri eman du sare sozialen bidez Usurbilgo Udalak.

Pasabide honen egitura eta zoladura konpontzen aritu da Gipuzkoako Foru Aldundia. Zuen egoera kaxkarra tarteko lanen amaiera atzeratu da. Irailaren 7an zabaltzeko asmotan ziren zubia, Usurbilgo Udalak Etxealdiara jaisteko aldapan jarritako oharrak argitzen zuen moduan. 

Bizkarre edo Zumartegi, pasabide alternatiboak
Uztailaren 6an hasi zituzten berritze lanak, ""zubira igotzeko eskilarak eta aldapa egokitzen" aritu ziren. Eskilarak edo aldapa bietako bat erabilgarri izan zen asteotan. Hilaren 20az geroztik ordea N-634 errepidea gainetik zeharkatzen duen pasabidea guztiz itxita egon da.

Tarte horretan, Bizkarretik edo Zumartegi industriagunetik igaro beharra izan da Kaxkora igo nahiz tren geltokira, Atallura edota Santuenea aldera jotzeko. 

Usurbilgo Udalak aspaldiko eskaera gauzatzen ari direla jakinarazi zuen lanok hasi berritan. "Hainbatetan eskatu izan dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari Etxealdiako zubia konpontzeko". Egitura eta zoladura konpontzen ari dira.