#I15

Greba eguna gaur hezkuntzan, mobilizatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 15a, 07:44

Aurrez aurreko itzulera seguru eta adostuaren aldeko greba eguna astearte honetan (irailak 15) hezkuntzan, ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Eusko Jaurlaritzak biharko finkatu dituen gutxieneko zerbitzuak "greba eta mobilizazioak ikusezin bihurtzeko ahaleginak dira" sindikatuon esanetan. Jaurlaritzaren erabakia epaitegietara eramatea aztertzen ari dira. Ikastetxeetako langileen atxikimenduarekin batera, Ikama ikasle antolakunde berriak ere ikasleen zutabearekin bat egiteko deia plazaratu du. Usurbildik gertuen Donostian manifestazioa antolatu da.

Ezohiko ikasturte hasieran greba eguna asteartean hezkuntzan, ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Hezkuntza Sailaren jarrerak bere horretan segitzen duela salatzen dute sindikatuok; inprobisazioa, sindikatuekin interlokuzio falta, protokolo berantiarrak, hartu beharreko neurrien bueltan ikastetxeen babes falta, inbertsio gehigarri falta, irakasleen kontratazio eskasa...

Sindikatuekin interlokuzioa eta negoziazioa aktibatzea eskatzen dute, lanpostu guztietako ordezkapenak betetzea, ikasleen ratioak jaistea, jantoki zerbitzua ikasle guztientzat bermatzea, eskola garraio zerbitzu segurua, curriculumaren egokitzapena, lan taldeak indartzea... "EAEko Hezkuntza Sailari ziurgabetasun honekin bukatu eta itzulera segurua, aurrez aurrekoa eta adostua bermatzeko neurri eta irizpide komunak jar ditzaten exijitzen diogu", adierazi dute sindikatuek. 

Ernai Usurbil
Sindikatuok manifestazio bana deitu dute hiriburuetan. Donostiakoa 11:00etan Alderdi Ederretik. Asteburuan jendaurrean aurkeztu zuten Ikama ikasle antolakunde berriak mobilizatzera deitu ditu baita ikasleak astearte goiz honetan (irailak 15) 10:30etan Donostiako Easo plazatik, "ikasturte berri desfasatua. Ikasleak hezkuntzaren erdigunean!" aldarripean. 11:00etan sindikatuek antolatuta Alderdi Ederretik abiatuko den manifestaziora batuko da zutabea.

Ernai Usurbilek deialdiarekin bat egin du. "Adi ikasle! Ikasgeletara itzulera negargarria izan da, goazen haserrea antolatzera! Irailaren 15ean hezkuntza komunitateak kaleak hartuko ditu ikasgeletara itzulera adostua eta segurua aldarrikatuz. Ikasleok bat egiten dugu aldarriekin eta mobilizazioetan egongo gara! Ikasle antolakuntzaz hezkuntza sistema eraldatu!".

Gutxieneko zerbitzuen erabakia, epaitegirako bidean
Greba egun honen bezperan, astelehen honetan biharko gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak. Lanera joatera behartu dituzte garbitzaileen %100a, ikastetxeetako COVID koordinatzaileak eta etapa bakoitzeko irakasle bat, HH eta LHko 100 ikasleko beste bi irakasle. Hezkuntza Bereziko irakasleen %75a ere bai. 

Agindu honi erantzunez, greba deitu duten sindikatuentzat, Jaurlaritzak biharko ezarritako gutxieneko zerbitzuak mobilizazioak "ikusezin bihurtzeko ahaleginak dira". Inoiz baino gutxieneko zerbitzu gehiago ezarri dituzte, "osasuna bermatzeko aitzakiapean greba eskubidea urratuz". 

Egunerokorako langile eta ikasleen osasuna babesteko "neurriak eta baliabideak jartzen ez dituen bitartean, zenbait kolektiboetan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu (garbiketan esaterako), beste kolektibo batzuetan, protokoloetan ezarritako neurriak betetzea zapuzten duten gutxieneko zerbitzuak ezarriz". 

Sindikatuon ustez, honek guztiak "Hezkuntza Sailaren kudeaketa tamalgarria eta izandako utzikeria ezkutatuz mobilizazioa ikusezin egiteko eta greba desaktibatzeko saiakera bat suposatzen du". Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuen gaurko ebazpena epaitegietara eramatea aztertzen ari dira.

Sindikatuen adierazpena