#I15

Ernai Usurbilek bat egin du ikasleen gaurko mobilizazioekin

Asteburuan Elizondon jendaurrean aurkeztu zuten Ikama ikasleen antolakunde berriak gaurko grebarekin bat egin du. Ernai Usurbilek babesa adierazi dio Donostian antolatu duten ikasle zutabeari. 

Gaurko ikasgeletara aurrez aurreko itzulera seguru eta adostuaren alde hezkuntzan greba deitu duten sindikatuek manifestazioak iragarri dituzte. Usurbildik gertuen Donostian 11:00etan Alderdi Ederretik. Asteburuan jendaurrean aurkeztu zuten Ikama ikasle antolakunde berriak mobilizatzera deitu ditu baita ikasleak astearte goiz honetan (irailak 15) 10:30etan Donostiako Easo plazatik, "ikasturte berri desfasatua. Ikasleak hezkuntzaren erdigunean!" aldarripean. 11:00etan sindikatuek antolatuta Alderdi Ederretik abiatuko den manifestaziora batuko da zutabea.

Ernai Usurbilek deialdiarekin bat egin du. "Adi ikasle! Ikasgeletara itzulera negargarria izan da, goazen haserrea antolatzera! Irailaren 15ean hezkuntza komunitateak kaleak hartuko ditu ikasgeletara itzulera adostua eta segurua aldarrikatuz. Ikasleok bat egiten dugu aldarriekin eta mobilizazioetan egongo gara! Ikasle antolakuntzaz hezkuntza sistema eraldatu!".