#I15

Isiltasuna eta eguneroko mugimendurik ez hezkuntza guneen bueltan

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 15a, 13:04

Aurrez aurreko itzulera seguru eta adostuaren aldeko greba egunarekin bat egin dute ikastetxeek; tartean Udarregi Ikastolak. Isiltasuna eta eguneroko mugimendurik ez gaur.

Igandea zirudien baina ez. Irailak 15 ditu gaur, asteartea; eta goizeko 9:00ak aldera honako itxura zuen Udarregi Ikastola atariak. Eguneroko guraso eta ikasleen joan etorririk ez. Isiltasun erabatekoa ikastetxe inguruetan. 

Gainerako ikastetxeen antzera, etenaldi eguna zuten gaurkoa; greba eguna hezkuntzan, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatutek deituta, ikasgeletara aurrez aurre, seguru eta modu adostuan itzultzea exijitzeko. Deialdiarekin bat egina zuten hainbat ikastetxeek; eta horren isla greba egun honetako irudiok. Isiltasuna ikastetxeen bueltan eta eguneroko ikasle, guraso eta langileen mugimendurik ez.

Ezohiko ikasturte hasiera izaten ari da. Era mailakatuan, taldeka, prebentzio neurrien artean hasi dituzte klaseak eta covid19 garaiotako beste ezohiko irudi bat dugu gaurkoa. Pandemia garaian ere ezinbestekoa den hezkuntza munduan lan egin nahiz baldintza egoki eta duinetan ikasi ahal izatea exijitzeko greba eguna. 

Geldialdi, hausnarketa, aldarrikapen eta protesta eguna.