#I15

"Oriarte BHI-n, mahai artean 50 zentimetro"

Gaurko hezkuntzan deitua dagoen greba egunaren bezperatan, Usurbilgo eta Lasarte-Oriako Oriarte BHI Institutuko langileek esperimentu erreal bezain argigarria egin dute. Ikasleen ikasmahaietan eseri eta covid19 garaiotan Hezkuntza Sailak ezarritako baldintzak bete ahal dituzten frogatu nahi izan dute. Emaitza, institutuko langileek sare sozialen bidez zabaldu dituzten argazkiotan duzue.

Ikasgeletara aurrez aurre modu seguru eta adostuan itzuli ahal izatea exijitzeko LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek astearte honetarako (irailak 15) hezkuntzan deitu duten grebarako arrazoiak ulertzeko adibide argigarri baten kronika lerrootan. 

Usurbil eta Lasarte-Oriako Oriarte BHI Institutuak egunotan egindako esperimentu erreal bat. Gogoan izango duzue, abuztu amaieran Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak covid19-ak baldintzaturiko 2020-21 ikasturteari lotutako zenbait neurri iragarri zituela. Ikastetxe bakoitzari bere kontingentzia plan propioa prestatzea eskatu zien. Ikasturte hasiera mailakatua izatea agindu zuen; ikasleak zikloka itzultzea ikasgeletara, bizikidetza talde egonkorretan. Termometroa jarri eta sukarrik zein beste sintomarik ez zutela ziurtatu ostean. Eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbituta. LH 1. mailatik gorako ikasleak (irakasleak ere bai) musukoa jantzita izatera derrigortu zituzten. 

Eta ikasleen artean 1,5 metroko distantzia bermatu beharra zegoela. Distantzia hau bete beharrak besteak beste, agerian utzi du hainbat ikastetxeetan, baliabide gehiago behar direla, bai baliabide teknikoak, humanoak baita espazio gehiago ere.

Ikusi bestela egunotan Usurbil eta Lasarte-Oriako Oriarte BHI Institutuak egin duen esperimentua. Ikasleak liburu artean murgiltzen diren ikasmahaietan eseri dira irakasleak. Haien lekuan jarrita, ikasturte honetan egunero parez pare izango duten panorama erakutsi nahi izan dute. Mahaitik mahaira duten distantzia neurtzen hasi eta ezin 1,5 metroko tartea bermatu. "Oriarte BHI-n, eserita, ahotik ahora metro bat. Hezkuntzako langileak, sala dezagun egoera!", zioten egunotan sare sozialen bidez.

Eserita ahotik ahora metro bat, baina mahai artean askoz gutxiago. Terrazetan, mahai artean 1,5 metroko distantzia bermatzea eskatu den honetan, hain oinarrizkoak diren hezkuntza beharrei aurre egiteko ikastetxeetan tarte hori ziurtatu ezinik dabiltza. "Oriarte BHI-n mahai artean 50 zentimetro. Hezkuntzako langileak, sala dezagun egoera!", zioten institutuko langileek egunotan sare sozialen bidez, neurgailu bat eskutan ikasgeletan duten errealitatea plazaratzeko atera zituzten ondoko argazkietan. 

Hezkuntza Sailak ikasturtea etxeko lanak egin gabe hasi duela salatu nahi izan dute. "Hezkuntza Sailak etxeko lanak egin gabe utzi ditu. Beste behin. Kasu onenean Oriarte Institutuan 50 zentimetroko tartea bermatu dezakegu mahaien artean. Auzolana? Auzolotsa!" adierazi zuten, sektoreko langileei bizi duten egoera salatzea eskatzearekin batera.