Koronabirusa

"Usurbilen ez dago inolako fokurik"

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 15a, 19:21

Azken orduotan hainbat whatsapp taldeetan bolo-bolo ibili den mezua gezurtatu du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak. Udalerri honetan gaurkoz ez dago inolako koronabirus fokurik. Azken egunotan azaleratu diren covid19 kasuak, kasu isolatuak direla adierazi dute Udaletik sare sozialen bidez, osasun alorreko arduradunekin hitz egin ostean.

"Santuenean 10 positibo, Tragoxka itxita". Hauxe da azken orduotan, whatsapp talde bat baino gehiagotara zabaldu den mezua. "Gezurra da", utzi nahi izan du argi astearte arratsalde honetan, Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak. Gaur bertan, osasun publikoko arduradunekin hitz egin dutela berri eman du Solaberrietak eta koronabirus fokurik dagoenik ukatu du. "Gaur Osasun Publikoko arduradunekin hitz egin dugu eta Usurbilen ez dago inolako fokurik", adierazi du alkateak. 

Osasun Sailak udalerriei lotuta argitara eman dituen datuak aintzakotzat hartuta, iragan astean 5 eguneko tartean, guztira 11 covid19 kasu zenbatu zituen udalerri honetan. "Kasu bakan batzuk badaude" baieztatu du alkateak, "baina kasu isolatuak dira, elkarrekin zerikusirik ez dutenak", utzi nahi izan du argi.

Gertatu denaren aurrean alkateak honako eskaera luzatu die herritarrei: "halako mezuak zabaldu aurretik, zentzuz aritzeko eskatu nahi dizuegu. Hori ere elkarzaintza baita".

11 kasu iragan astean
Momentuz aste hasiera honetan ez du kasu berririk antzeman Osasun Sailak udalerri honetan. Usurbilgo azkenak, guztira 11, iragan astean zehar detektatu zituen.

6 astean zehar; 3 hilaren 8an, 1 hilaren 9an eta beste bi irailaren 10ean. Gainerako bostak asteburuan; 2 irailaren 11n, beste hiru larunbatean (hilak 12). Martxoaz geroztik 42 dira Osasun Sailak Usurbilen detektaturiko koronabirus kasuak.  Kasu kopuru honekin, igo egin da 7 egunetako 100.000 biztanleko kutsatze tasa; 174,11raino. Halere, Gipuzkoako udalerrien artean tasa altuenak dituzten udalerrietatik urrun da; Hernialde (3.934,43), Berrobi (1794,45), Arama (990,10), Ikaztegieta (988,14)...

Altuagoa da ordea, Usurbil eta Lasarte-Oria biltzen duen osasun eremuko tasa, 218,77koa. Buruntzaldeari erreparatuta, hauek dira azken asteko kasuen kopurua eta 100.000 biztanleko kutsatze tasak:
-Andoain: 27 kasu, 180,66ko tasa.
-Astigarraga: 6 kasu, 97,09ko tasa.
-Hernani: 43 kasu, 214,86ko tasa.
-Lasarte-Oria: 46 kasu, 244,36ko tasa.
-Urnieta: 6 kasu, 96,93ko tasa.
-Usurbil: 11 kasu, 174,11ko tasa.

Azken 24 orduotako datuei dagokienean, aipatu moduan, kasu berririk ez Usurbilen. 598 kasu antzeman dituzte Hego Euskal Herrian. 311 Nafarroan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6.721 PCR proba egin zituzten astelehenean. 287 kasu positibo antzeman dituzte; haietatik 86 Gipuzkoan. Gainerakoak, 26 Araban, 169 Bizkaian. 6 EAE-tik kanpo bizi direnen artean. 39 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, 60 daude ZIU-n. Puntu bakarraren azpitik egotea gomendagarritzat jotzen duten oinarrizko birsorkuntza tasa 0.89an da. 

Xehetasun gehiago hemen: covid19 datuak