2020-21 ikasturtea

Urrian abiatuko den Eskola Kirolerako izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 16a, 08:41
Eskola Kirolari buruz, astelehenean Udarregi Ikastolako jangelan egin zituzten guraso bileretako bat. Argazkiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Irailaren 22ra arte online eman ahalko da Eskola Kirolerako izena Usurbilen. Aste hasieran eginiko guraso bileretan plazaratu ziren xehetasun nagusien berri.

Zalantza zegoen Eskola Kirolarekin zer gertatuko zen, baina azkenean bai; osasun krisialdi honek ahalbidetzen duen neurrian behintzat, gaztetxoek eskolaz kanpoko jarduera hauez gozatu eta trebatzeko aukera izango dute. Baina urritik aurrera izan beharko du; hala erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamenduak "kirol erakundeekin, ikastetxeetako koordinatzaileekin eta ikasleen gurasoekin -guztira, eskola kirolean inplikatutako 350 eragilerekin-, izandako bileren ondoren".

Bi faseetan itzuliko da Eskola Kirola; urrian, "kontaktu fisikorik gabeko entrenamenduak eta jarduerak". Urtarrilean "infantilen eta alebinen lehiaketak". Gipuzkoa mailako erabakia da honakoa; "erabakia hartzeko kontuan hartu da jarduera fisikoak eta kirolak lotura zuzena dutela haurren osasuna eta ongizate psikologikoa mantentzearekin", Aldunditik diotenez.

Bakarkako jarduerak urriaren 5etik, taldekakoak hilaren 19tik aurrera
Orain udalerri bakoitzak lanketa propioa bideratu beharko du. Usurbili dagokionean, aste hasieran ziklo ezberdinetako ikasleen gurasoei zuzenduriko bilerak deitu zituzten Usurbilgo Udalak, Zirimara egitasmoaren sustatzaileek eta kirol elkarteek Udarregi Ikastolako jangelan. Foru Aldundiak iragarritakoaren haritik, urriaren 5ean, astelehenarekin abiatuko dira bakarkako jarduerak, taldekakoak hilaren 19an, bizi dugun osasun krisialdia tarteko, segurtasun neurrien artean. Entrenamenduak abiaraziko dituzte datorren hilabetean, aipatu moduan ordea 12 urtera artekoen lehiaketak ez. Hortik gorakoen kasuan, "oraindik ez dute argitu lehiaketak noiz baimenduko dituzten", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.

Entrenamendu saioetarako zenbait moldaketa egin beharko dituzte antolatzaileek, "beste espazio batzuk erabili beharra, gehienezko edukierak ez gainditzeko".

Izena irailaren 22a baino lehen online bideratu beharko da esteka honetan: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSf2LtmwvL2FNZNgsR_sv872mnPAVHCBj7izEC3DgmHjXxT3kQ/viewform


ESKOLA KIROLARI DAGOZKION GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ERABAKI NAGUSIAK
-Kontuan hartu duten irizpidea: "jarduera fisikoak eta kirolak lotura zuzena dutela haurren osasuna eta ongizate psikologikoa mantentzearekin".
-Urriaren 1etik aurrera kontaktu fisikorik gabeko entrenamendu saioak eta jarduerak baimenduak: "Alebin, infantil, Jolashezi eta Multikiroleko jarduerak...".
-Pertsonen arteko segurtasun distantzia mantendu beharko da.
-Protokoloetara egokitzeko beharrezkoa balitz, "joko arauak egokitu" beharko dira.
-Ezarritako neurriek betetzeak jarduera jakin bat egitea eragozten badute, "beste jarduera edo lehiaketa alternatibo batzuk ere proposatu ahal izango dituzte, kirol diziplinari modu batean edo bestean lotuta badaude".
-Infantilen eta alebinen lehiaketak urtarrilera arte atzeratuak.
-Ikastetxeak protokoloetarako egokitzeko material erosketarako 50.000 euroko inbertsioa.
-Begirale guztiek Kirolaren Euskal Eskolak abiarazitako prestakuntza ikastaroa egin beharko dute. Ikastarootan irailaren 30a baino lehen izena eman beharko dute, "baina data horren ondoren ere ikastaroaren eskaintzari eustea aurreikusi da". 
-Begiraleek edo entrenatzaileek jakinarazi beharko dizkiete kirolariei "ezarritako prebentzio eta higiene neurriak eta jarduerari aplikatzen zaizkion arauak eta/edo balizko murrizketak". 
-Entrenamendu edo lehiaketak egiteko modua:
1-Gehienez 15 laguneko taldeak, jarduerak garatzeko beharrezko teknikariak barne.
2-Saioak edo entrenamenduak banakakoak eta gutxieneko segurtasun distantzia bermatuta.
3-Ahal den neurrian, materialen erabilera partekatua saihestu.
4-"Lehiaketa/jarduerarako ezinbestekoak diren erabilera komuneko materialei gomendatutako higiene eta garbiketa neurriak aplikatuko zaizkie. Gainerako materialak (edariak, elikagaiak, sendagaiak, etab.) ezin izango dira partekatu".

Eskola Kirolari buruzko informazio osoa web orrialde honetan bildu du Gipuzkoako Foru Aldundiak: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kirolak/coronavirus-informazioa