Furgobaratza Baratze Parkera bueltan dator gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 11:08

Doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen duen Furgobaratza bueltan etorriko da ostegun honetan, irailaren 17an, Usurbilgo Baratze Parkera. Oraingoan, "udazken-neguko baratzearen inguruko aholkuak" hizpide dituela.

Covid19-aren ondorioz etenda egon ostean, Furgobaratza ekainean itzuli zen Usurbila doako aholkularitza zerbitzuarekin. Orduko hartan, gaixotasun eta izurriei buruzko gomendioak eskaintzera. Uztailean, ureztapenari buruzkoekin. Ostegun honetan, hilaren 17an hirugarrenez itzuliko da Furgobaratza, Agerreazpin kokaturiko Usurbilgo Baratze Parkera; 18:00-19:30 artean. 

"Furgobaratzak hileko bisita bat egiten du Sareko Baratze Parkeetara: aholkuak ematen dizkigu, sortzen dizkigun arazoei erantzuten digu, ditugun zalantzak argitzen dizkigu edo praktika egokiak ere proposatzen dizkigu". Hala dio ekogunea.eus atariak. 

Herritar ororentzako doako aholkularitza zerbitzuak eskaintzen du Furgobaratzak. "Zenbaitetan, tailer praktiko eta dinamiko batekin etortzen zaigu, sasoiari lotutako gai bat jorratuz". Horrez gain, "Furgobaratzaren bidez, Kutxa Ekoguneak lursailetarako aholku teknikoak eskuratzeko eta landare eta plantel ekologikoa erosteko aukera eskaintzen du". Hilaren 17ko bisitan, udazken-negurako baratzearen inguruko aholkuak ekarriko dizkigu. Doan, interesa duen herritar ororentzat.