Euskaraldia

Orbeldi D.T.: “Euskara beti izan da gure hizkuntza naturala”

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 18a, 09:34

2019ko Dantza Eguna amaitu zuen talde argazkia.

Ahobizi eta Belarriprest-ekin batera, entitateen parte hartzea sustatu nahi du Euskaraldiak urte amaierako bigarren edizioan. Entitateez ari garenean taldeez ari gara; erakunde, eragile nahiz herriko kirol edota kultur bilguneez. Irailaren 27ra arteko epea dute izena emateko. Argibide gehiagorako: usurbil.euskaraldia.eus / 943 371 999. Kultur eragileen artean ikasturte berri eta ezohikoaren atarian den Orbeldi Dantza Taldeak bat egin du, ariguneen bidez oraingoan izaera kolektiboa izango duen ekimenarekin.

Zergatik bat egin duzue Euskaraldiarekin?
Orbeldi Dantza Taldea: Lehenengo ediziokoa positiboki baloratu zen ariketa on bat izan zen. Orain taldeetara zabaldu zenez, logika beraren baitan parte hartzea erabaki dugu. Ahal dugun heinean eragiten saiatuko gara. Euskara beti izan da gure hizkuntza naturala. Gure egunerokotasunean inoiz ez da planteatu beste hizkuntza batean izan behar duenik ere. Baina egokia izan daiteke agian, kanpora begira zerbait egin ote dezakegun hausnartzeko.

Dantzaren bidez euskara ere transmititzen duzue.
Guk beti lehen hitza euskaraz egiten dugu; banatzen ditugun oharrak, komunikazioak beti euskaraz izaten dira. Gero norbaitek ez badu ulertzen egiten behar den hizkuntza horretan mintzatzen gara. Mugitzen garen ingurunea nahiko euskalduna da eta ez dugu arazo berezirik izan. Dantza Egunean guk denok euskaraz egiten dugu. Badira urte batzuk kanpoko talde batzuk gonbidatzen ditugula. Aurkezpenak, komunikazio hori guztia euskaraz egiten dugu. Dantza talde batek baino gehiagok harrituta komentatu izan digute, nola euskaraz bakarrik egiten duzuela? Ulertzen den artean zergatik egin behar dugu lan bikoitz hori? Ez bada ulertzen, edo baldin badakigu jende batek laguntza hori behar duela ematen dugu azalpena euskaraz edo behar den hizkuntzan. Baina guk lehenengo euskaraz.

Ariguneetan, talde lana izateak Euskaraldiko helburua indartzen lagundu dezake?
Bi aldeak izan ditzake. Bakarka agian ez zara animatzen, baina besteen babesean errazago. Kontra ere izan liteke, baina orokorrean talde lanak gauzak errazten ditu.

Izen emateko irailaren 27ra arteko epea dute. Zer esan entitateei?
Izen emate prozesua erraza da. Ondo azaltzen duten bideoak daude. Norbere hizkuntza ohituretan hausnarketa txiki bat eskatzen du. Gure kasuan adibidez oso erraza izan da, gauza gehienak naturalki euskaraz egiten baititugu.

Ezohiko ikasturte berria prest?
Bai. Animatu dantzara, bizi dugun egoerarako ahal diren neurri guztiak hartu ditugu. Pixkanaka hasiko gara eta ikusiko dugu zer egin daitekeen. Haurren ikastaroak atzeratu ditugu, eskola kirolarekin batera hasteko.