Intza ile-apaindegia
Euskaraldiaren bat egitea erabaki du Kale Nagusiko ile-apaindegiak “euskara laguntzeko, bultzada bat emateko”. Ariketa kolektibo hau ariguneen bidez gauzatuko da. Ile-apaindegian eguneroko jardun eta bizitzan, euskaraz bizi dira. “Lankideon artean euskaraz mintzatzen gara. Euskaraz dakienari eta euskaraz zuzentzen zaigunari hizkuntza berean hitz egiten diogu. Zorionez, hemen Usurbilen asko dira, bezero euskaldun asko dugu”, adierazi digute Intza ile-apaindegikoek.
Pozik helduko diote urte amaierako erronkari, “euskara lagundu eta bultzatzeko bada, ahal den gehiena” egiteko prest dira. Azken urteotan euskararen ezagutzak gora egin duen moduan, badirudi abiadura berean ez dela indartu erabilera. Euskaraldiak eragin dezake horretan. “Bultzada behar du”, hizkuntza ohiturei erreparatu beharko diegu. Garrantzitsua alde horretatik, herriko saltokietan sartzean ahotan hartzen dugun lehen hitza “euskaraz izatea”. Euskaraldiaren bigarren ediziorako izen emate kanpainarekin bat egitera animatzen dituzte entitateak.
Santueneko Gure Elkartea
Parte hartze bikoitza izan du Santueneko Gure Elkartea adinekoen bilguneko tabernak. Euskaraldia sustatzen herrian lanean dabilen batzordeko kidea da Ana Flores. “Gustuko gaia dut euskara, gure hizkuntza bultzatzea”, aipatu dio NOAUA!ri. Lantokia duen tabernak ere urte amaieran ospatuko den 2. Euskaraldirako izena eman du entitate gisa. “Berez izan gara arigune bat gure familian. Beti euskaraz hitz egiten dugu, bezeroei gure lehenengo hitza beti izaten da euskaraz. Nola ez genuen parte hartuko Euskaraldian arigune bat gehiago bezala”.
Harremantzeko gunea izanda, taberna ezin gune egokiagotzat jotzen du Euskaraldiaren helburuak betetzen laguntzeko. “Taberna batean jende asko mugitzen da eta aprobetxatu behar dugu justu horretarako, gure hizkuntza zabaltzeko”, adierazi digu Floresek. Santuenean eragiteko beharra ikusten du. “Egoera aldatzen saiatzen ari gara. Bagoaz lortzen. Haurrek eta gazteek badakite euskaraz, lehen ordea tabernetan ez zen ezer entzuten, orain bai. Gurekin harremana euskaraz da eta alde horretatik oso pozik gaude”.
Izaera kolektiboa izango duen 2. Euskaraldian parte hartzeko urratsa ematera animatzen dute Gure Elkartetik. “Lan gutxi da, ez zaigu ezer kostatzen gure inguruan, bezeroen, adiskideen eta senideeen artean zabaltzea. Gure hizkuntza ari gara defendatzen, bultzatzen. Denon artean egin behar dugu”.
Udarregi Ikastola
Ikastolak ere bat egin du 2. Euskaraldiarekin. "Ikastolan euskaraz aritzeko ARIGUNEAK sortu ditugu ere bai!. Zatoz guregana eta mihia jarri dantzan!!!! Mintzaldian solaskide izango gaituzu!", iragarri dute ikastolaren web orrialdearen bidez.
Ariguneen Euskaraldia
Noiz: azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
Parte hartzeko moduak:
-Norbanakoek: Ahobizi (lehen hitza euskaraz) edo Belarriprest (Ahobizien hizketari jarraipena ematea) gisa.
-Entitateek: Ariguneen bidez.
Izen ematea: entitateena irailaren 27ra arte.
Ariguneen ezaugarriak
-Denetariko entitateek parte hartu ahalko dute: erakundeek, herri eragileek, elkarteek, denetariko kirol edota kultur taldeek...
-Ariguneak=entitateen baitan dauden euskaraz aritzeko gune babestuak dira. Arigunea osatzen duten kide guztiek euskara ulertzeaz gain, euskaraz hitz egin nahi dutenekiko aldekotasuna adierazten dute.
-Bi arigune mota sortuko dira: barne-ariguneak (entitateen barne funtzionamenduan euskararen erabilera babesteko sortutakoak) eta kanpo-ariguneak (herritarrekiko harrerarako edo kanpo harremanetarako sortuko direnak).
-Entitateen ardura: ariguneak sustatu eta babesteko neurri praktikoak hartzea.
-Ariguneek izena emateko, entitate bakoitzak "ariguneak non dituen identifikatu beharko du eta kideekin adostasuna hitzartu".
Informazio gehiago eta antolaketan parte hartzeko izen ematea:
usurbil.euskaraldia.eus
usurbil@euskaraldia.eus
943 371 999