Euskaraldia

Euskaraldian izena emateko epea ireki da

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 24a, 16:48

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra luzatuko da Euskaraldia. 15 egunetan Ahobizi edo Belarriprest roletan parte hartzeko deia egin zaie herritarrei. Dagoeneko izen-ematea zabalik da euskaraldia.eus web orrialdean.

Elkarlanerako gune izan da aurtengo Euskaraldia eta ekimenaren ezaugarri garrantzitsu modura azpimarratu dute gaur eguerdian Gasteizen egin duten agerraldian. Gizarte eragile eta erakunde publikoen artean sortutako eta bultzatutako ekimenera, enpresak eta bestelako entitate pribatuak gehitu dira. Hortaz gain, herriz herri Euskaraldia antolatzen eta zabaltzen ari den gizarte sarea handia dela azpimarratu da eta herrietan ere elkarlan dinamika berriak sortzen ari direla gogora ekarri da.

 

Pandemiak ez du Euskaraldia geldiaraziko

Azken hilabeteetako lanak pandemiak baldintzatuta egin dira herriz-herri antolatuta dauden batzordeetan, eta horrek ere eragingo du. Hala ere, lehen edizioan Euskaraldira batu zen herri kopurua gainditu dela nabarmendu dute antolatzaileek. Izena eman duen herri kopurua 412koa izan da (aurreko edizioan 405 herritan egin zen).

Hortaz gain, jadanik 4.300 baino gehiago dira Ariguneak sortzeko izena eman duten entitateetako zentroak, eta guztira 13.000 arigunetik gora egongo dira. Era guztietako entitateek ariguneak sortu eta Euskaraldian inskribatzeko epea datorren irailaren 27an itxiko da, eta urrian zehar jakin ahal izango dira behin-betiko datuak.

 

Arrate Illaro, Euskaraldia: "Kide berriak ere, ongi etorri"

Arrate Illaro, Euskaraldiko koordinatzailea: “Herri batzordeak eta ariguneak aktibatuta dauden honetan, herritarrei deia egin nahi diegu Belarriprest edo Ahobizi modura Euskaraldian parte har dezaten. Lehen edizioan parte hartu zuten kideak berriz gurekin aritzea nahi dugu, baina baita kide berriak ere: bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke ariketa”.

 

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritza: "Heldulekuak behar ditugu"

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua: “Azken hilabeteotan pandemiak gogor jo gaitu. Samina eragin du familia askotan, eta denok utzi gaitu pattal samar. Eta une honetan ilusioa behar dugu. Heldulekuak behar ditugu. Estimulu berriak behar ditugu. Eta uste dut Euskaraldiak hori ekar diezagukela”.

 

Ana Ollo, Nafarroako Gobernua: "Belaunaldi euskaldunagoak datoz"

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetarako Kontseilaria: “Gaitasun eta motibazio askotariko lagunek hartuko dugu parte Euskaraldian. Anitzak gara, eta, hala ere, badugu zerbait komunean: euskaraz gehiago egiteko urratsak emateko prest gaude. (…) Nafarroan, euskararen gaitasunean, adinaren aldagaiak biziki eragiten du. Euskaraz dakiten gazteen ehunekoak goraka egin du azken urteotan etengabe. Nafarroan, gazteen %25a da euskalduna . Belaunaldi euskaldunagoak datoz, hemen daude eta euskarak etorkizuna duela erakusten digu honek. Espero dezagun gazteen euskararen aldeko hautua indartzea eta euskarari leku gehiago ematea.”

 

Kike Amonarriz, Topagunea: "Hauxe da momentua"

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea: “Duela bi urteko enpatia, ilusioa, begiradak, konplizitatea sintonia onak… berriz bizitzera goaz. Eta hauek ere ahalik eta jende gehienera iristea lortu nahi dugu. (…) Euskaren aldeko jauzia egiteko garaia da: herritarrek, erakundeek, aisialdian eta arlo sozioekonomikoan ari diren eragileek, denok dugu jauzi hori emateko zeregina eta ardura. Hauxe da momentua. Eta guk ez badugu egiten, ez du beste inork egingo”.

 

Ekitaldia arratsaldean

Izen-ematea abiatzeko ekitaldia egingo da gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera Bergarako Seminarixoan. Ekitaldian, besteak beste, Euskaraldiaren bigarren edizioaren kanta eta bideoklipa aurkeztuko dira.

Ekitaldiaren zuzeneko emanaldia egingo dute toki telebistek (Goiena, Goierri, Erlo, 28 kanala eta Kanaldude telebistak) eta hainbat toki hedabidek beraien webguneen bidez (aiurri.eus, plaentxia.eus, goiena.eus, karkara.eus, maxixatzen.eus, baleike.eus, uztarria.eus, noaua.eus, geuria.eus, ttakun.eus, alea.eus, guaixe.eus, kronika.eus, anboto.org, uriola.eus, aikor.com eta barren.eus).

Esteka honetan jarraitu ahal izango duzue zuzeneko emankizuna: Euskaraldiaren aurkezpena.