Ia %100ean euskaraz bizi den erakundea izan arren, oraindik zer hobetua izan dezakeelakoan, bat egin du Usurbilgo Udalak urte amaierarako deitu den 2. Euskaraldiarekin. Denetariko entitateak (erakundeak, herri eragileak, elkarteak, taldeak...) ariguneen edo euskaraz aritzeko guneen bidez partaide bilakatu nahi dituen ekimenean parte hartzeko hautua egin du Udalak; "bada eremu batzuetan zer hobetua", zioten udal gobernu taldetik osteguneko udalbatzarrean.
Horregatik, Usurbilgo Udalak baliabideak Euskaraldirako jarri eta ekimena dinamizatzeko herrian sortua den batzordean parte hartzearekin batera, "inplikazioa eta konpromisoa" ere bere gain hartu nahi ditu "euskaraz bizitzeko helburu horretan", Agurtzane Solaberrieta alkateak osteguneko osoko bilkuran nabarmendu zuenez.
Ahobizi eta Belarriprestontzako izen ematea
Testuinguru honetan aurkeztu zuten Euskaraldiarekin bat egiteko erakunde adierazpena. Albiste honetan beherago duzue osorik. Entitate bezala izen ematea onartzen du Udalak adierazpen honetan, inskripzio prozesua abiatzearekin batera. Horrekin batera, "kanpo zein barne ariguneak izan daitezkeen guneak eta taldeak" identifikatuko dituela.
Ariguneen edo euskaraz aritzeko guneen bidez parte hartuko dute entitateek datorren Euskaraldian. Irailaren 27ra arteko epea dute izen emateko. Azken egunak honenbestez; eta adi, ireki berri baita Ahobizi eta Belarriprestontzako izen ematea. Usurbilen udalbatzarra egin zuten ordu beretsuan aurkeztu zuten Bergaran, urte amaierako Euskaraldia, tartean, abestia eta bideoklipa. Albiste honi atxikia duzue.
USURBILGO UDALAK ENTITATE MODUAN EUSKARALDIAN IZEN EMATEA
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.
2018an egin zen lehen aldiz ariketa, "Euskaraldia: 11 egun euskaraz"; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta Usurbilen ia 1400 herritar izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin Ahobizi eta Belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.
2020an burutuko da bigarren edizioa, eta, oraingoan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zaigu, geure eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urrats berriak emateko eta Udaleko langileen eta kideen parte-hartzea sustatzeko eta babesteko.
Entitateen parte-hartzea bertan sortuko diren ariguneen bidez egingo da. Ariguneak, edo euskaraz aritzeko guneak, uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten guneak dira, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek Ahobizi eta Belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. Hala, bi motako ariguneak bereizten dira:
-Kanpo ariguneak: Udalaren kasuan, jendaurreko administrazio atalak eta jendaurreko lanpostuak dira. Udalak horietan herritarraren hizkuntza hautua BETI errespetatu behar duenez, horrek ez luke aparteko lanik zertan ekarri: 15 egun horietan postu horiek guztiak ariguneen bereizgarriarekin identifikatu eta egun horietarako bereziki jarraibide batzuk eman.
-Barne ariguneak: Udalaren baitan dinamika propioa duten eta kide guztiek euskara ulertzen duten taldeak izango dira. Askotarikoak izan daitezke: administrazio atalak, udal bulegoak, lan batzordeak, lantaldeak... Arigune bat abian jartzeko, kide guztien edo gehienen adostasuna behar da.
Udalak izena emateak, hortaz, honako hau dakar:
-Euskaraldiaren proposamena aztertzea eta Udalak prozesuan sartzeko erabakia hartzea.
-Arigune izan daitezkeen taldeak identifikatzea.
-Ariketa egitea adostea, ariguneetako kideekin.
-Entitateak ariketan izena ematea.
-Ariketa egitea, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
-Ariketaren balorazioa egitea, aurrera begira jarrita.
Entitateek izena emateko epea ireki da dagoeneko eta, antolatzaileek esan digutenaren arabera, komeni da ahalik eta lasterren egitea, prestaketa lan horiek guztiak ondo eta lasai egiteko.
Usurbilgo Udalak hasiera-hasieratik bat egin du ekimen honekin eta interesgarritzat jotzen du oraingoan ere parte hartzea.
Hori horrela, Antolakuntza Batzordeak, 2020ko irailaren 21ean egindako bilkuran, aho batez (aldeko botoak: Agurtzane Solaberrieta, Beñat Larrañaga, Josune Urkola eta Patxi Suarez) honako irizpena luzatzen dio Udalbatzarrari:
IRIZPENA
-Usurbilgo Udalak, entitate moduan Euskaraldian izena emateko proposamena ontzat ematea, eta izena emateko prozesua abiatzea.
-Horren berri ematea Euskaraldiaren antolatzaileei.
-Kanpo zein barne ariguneak izan daitezkeen guneak eta taldeak identifikatzea.
-Talde horietako kideei ariketan parte hartzeko proposamena egitea.
-Hau guztia egin ondoren, entitate moduan, Euskaraldian izena ematea.