Udalbatzarra

Oinarrizko Lanbide Heziketa Udalak eskaintzeko eskuordetze akordioa urtebetez luzatua

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 25a, 09:17

Eusko Jaurlaritzak udalei (tartean Usurbilgoari) eskuordetua die Oinarrizko Lanbide Heziketaren eskaintza. Ikasturte honetan egokitzen zen berritzea eskuordetze honen harira bi aldeek sinatua duten akordioa. Baina covid19-ak tramitazioa eten eta egun indarrean den eskuordetzea beste urtetebez luzatzea proposatu die Jaurlaritzak udalei. Gaia ostegun honetako udalbatzarrera eraman du udal gobernu taldeak; aho batez onartu dute proposamena.

Usurbilgo Oinarrizko Lanbide Heziketari eragiten dion erabaki baten berri lerrootan. Ziklook eskaintzeko eskumena Usurbilgo Udalak du, Eusko Jaurlaritzak eskuordetua dio zeregin hau. Izatez, eskuordetzea berritzea egokitzen zen ikasturte hasiera honetan, bi erakundeek (Jaurlaritzak eta Udalak) 2015-16 ikasturtean bost urterako adostu baitzuten eskuordetze akordioa. Baina "Eusko Jaurlaritzak hurrengo 5 urteetarako (2020-2025) eskumena eskuordetzeko dekretua izapidetzen hastea ezinezkoa izan du, sektore publikoko erakundeetan prozedurak izapidetzeko epeak eten egin direlako, Covid19-ko alarma egoera dela eta".

Ondorioz, egun indarrean den eskuordetze akordioa beste urtebetez luzatzea proposatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak uztailaren 28an onarturikoaren arabera. 

Eskumena Jaurlaritzarena, diru ekarpena udalen esku
Eskuordetze luzapen hau indarrean jartzeko udalek onartu beharra zuten; tartean Usurbilgoak. Proposamena ostegun honetako udalbatzarrera eraman du udal gobernu taldeak. Aho batez onartu dute; aipatu moduan, 5 urteotan indarrean izan eta Oinarrizko Lanbide Heziketa eskaintzea ahalbidetuko dion eskuordetze akordioa beste urtebetez luzatuko da. Ondorioz, Usurbilgo Atallun eskaintzen diren bi urteko bi zikloetarako (ile-apainketa eta estetika eta sukaldaritza zein jatetxea) Udalak egin beharreko diru ekarpenak ere zehazten ditu luzapen honek. 

Akordio berria, ikasturte amaieran sinatzea aurreikusia dute bi aldeek, udal gobernu taldetik osoko bilkuran adierazi dutenez. Halere, Beñat Larrañaga zinegotziak gogorarazten zuenez, "hezkuntza ez da Udalon eskumena". Eta halere, "diru ekarpena egin behar" izaten dutela adierazi zuen, nahiz, eskumena berea izanik "%100ean Eusko Jaurlaritzak finantzatu beharko lukeen. Are gehiago orain". Udal gobernu taldearen esanetan, covid19-aren eraginez ordutegiak berrantolatu behar izan direnean, edota bizi dugun osasun krisialdiak gastuak ere gehitzea ekarri duenean. "Gastu gehigarri gehiago" Udalak bere gain hartu beharra hain zuzen.

Oinarrizko Lanbide Heziketari buruzko informazio gehiago hemen: olh.usurbil.eus