Zubietako erraustegia

“Erraustegia: ez elikatu gure hondakinekin, ez ordaindu gure diruarekin” eskatzeko sinadura bilketa gaurtik

Uztailean NOAUA!ra igorritako oharrean, Udalari sortzen ditugun hondakinekin erraustegia elikatu ez eta gure diruarekin ordaintzea eragoztea eskatzeko udazkenean sinadura bilketa abiatuko zuela iragarri zuen herritar talde batek. "Erronkak merezi du, gure herriaren etorkizuna dago jokoan", zioten, "ez hondakinik, ez dirurik erraustegiarentzat" izenburupean helarazi zuten idatzian. Sinadura bilketari gaur bertan ekingo diote; aurrerantzean astebururo frontoi inguruan jarriko duten mahaian.

Astebururo eskainiko dute sinadura bilketan parte hartzeko aukera. Ekimena gaur bertan (irailak 25) abiatuko dute, 19:00-20:00 artean frontoi inguruan jarriko duten mahaian. Aurrerantzean ostiralero ordu horren bueltan, eta larunbat nahiz igande eguerdi partean ere gune berean aurkituko dituzue kanpaina honen sustatzaileak sinadurak biltzen.

Hemen duzue aipatu herritar taldeak uztailean NOAUA!ra helarazitako adierazpena osorik:

EZ hondakinik, EZ dirurik erraustegiarentzat
Erraustegirik gabe gure hiri hondakinak kudeatzea posible dela irmoki erakusten ari da Usurbilgo herria azken hamar urteotan. Aitzindari izan ginen, gaikako bilketa eraginkorra ezartzen (2009), herrian bertan, auzotarren artean bio-hondakinarekin auzokonposta egin daitekeela erakusten (2011), eta, ondo biltzeaz gain, bakoitzak sortzen duen hondakin kopuruaren arabera, modu justuan ordaintzea dela bidezkoena esan eta praktikara eramaten (2014).

Espainiako Gobernuak Usurbilgo udalari debekatu eta gero, Erraustegia Erabakia plataformak 2016an antolatutako galdeketan, partaideon %98ak ezetz esan genion erraustegiari. Emaitza hori jasota, hauxe udal gobernuak adierazitako konpromisoa: “Usurbilgo Udalak jaso du herriaren hitza. Eta, herri borondatearen ordezkari gisa, erraustegiaren mamua haizatzen dutenen aurrean, herriaren hitza errespetatzen eta errespetarazten saiatuko gara. Hala egitea dagokigu, sinesmenez eta koherentziaz. Eta hala egingo dugu”.

Ofizialki inork esan ez arren, badakigu Usurbilgo herrian bildutako errefusa erraustegira eramaten dela azken hilabeteotan. Usurbilek, 2017an hasi eta 2023ra bitartean hondakinen tratamendurako helburuak eta ekimenak “Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio eta kudeaketa programan” jaso eta onartu zituen udalbatzarrak 2017ko ekainean. Errefusa erraustegira eramatea, ez dator bat aipatu programan jasota dagoen eta lorgarritzat jotzen den “0 hondakin desmaterializatu edo erraustu” helburuarekin.

Erraustegia piztu zutenetik sortu zen larrialdi egoera honetan, usurbildar asko gara, erraustegira errefusa hondakinak ez eramateko urratsa dela herri honek eman beharreko erantzuna uste dugunak. SOS deia egin beste udalei eta gero gure herriko errefusa hondakinak erraustegira eramatea, ez da koherente jokatzea. Egunero errauste plantaren tximinietatik ateratzen diren ke zutabe erraldoiek, guk Usurbildik bidalitako hondakinen errekuntzaren parte txiki bat daramate. Etorkizun beltz, kaltegarri eta kutsatu hori elikatzen ari gara. Gu ere porrot horren partaide egiten gara. Aldamenean inork nahi ez duen azpiegitura inposatu horri erregaia ematen diogu, jakinda gaurko eta biharko herritarren osasunean eta ingurumenean kalteak eragingo dituela. Hondakinen gaikako bilketa ondo egiten ari garen herriak, ekonomikoki modu injustuan jipoitzeko antolatu den erraustegiaren finantzaketarako plan iruzurtian, kolaboratu egiten da horrela jokatuz. Eta larriagoa dena, herritarron dirua erabiltzen ari gara geure burua kutsatuko duen munstroa finantzatzeko. Kontraesana da.

Erraustegia ere kutsaduraren tenpluko partaidea da, eta ez da nahikoa erraustegiaren aurka egotea: erraustegiaren aurka egin egin behar da.

Errefusa gutxi (430 tona) sortzen dugula eta, “gure herritik errauste plantara apenas joango da ezer” adierazten zen udal gobernutik. Hain gutxi izanik, errazagoa da errefusa hondakin horri beste irteera bat ematea. Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio eta kudeaketa programan (2017-2023) jasota dago: “planteamendu errealista eta egingarria mahai gainean jarrita lortu nahi dugu bikaintasuna.” Aipatu programaren ikuskeraren oinarrizko ezaugarrien artean daude: ingurumena eta osasuna lehenestea; azpiegitura makro eta erraldoien ordez, azpiegitura doitu eta eskalagarriak sortzea; tokiko konponbideak arazo globalei.

Gaikako bilketa eraginkorra egiteko alternatiba abian jartzeko ausardia izan genuen bezala, erraustegiarekin ez kolaboratzeko urrats sendoak emateko sasoia heldu da: EZ ERAMAN gure errefusa hondakinak erraustera. Gaikako bilketa eraginkorra abian jartzeko erreferentziazko eredua izan ginen Usurbilgo udala eta usurbildarrok, orain, errefusa hondakinaren tratamendurako ere, beste aukerak badaudela erakusteko tenorea iritsi da. Ez da epelkerietan ibiltzeko garaia. Atzera ez egiteko modu bakarra, aurrera egitea delako. Politikan eta bizitzan, bide berriak irekitzeko, ausardia behar da, gutxienez.

Horrela, Usurbilen 2016ko urrian egindako herri galdeketan parte hartu zuten herritarren %98ak erraustegiari emandako ezetzaren hitza jaso eta errespetarazteko saiakera egiteko hartutako konpromisoarekin fidel jokatuko litzateke.

Herritarren osasuna eta bizi kalitatea zaintzea “udalaren ardatz etikoak” badira, errauste-planta bezalako azpiegitura kutsakor eta kaltegarriekin ez kolaboratzea da gutxienez egin beharrekoa.

Erronkak merezi du, gure herriaren etorkizuna dago jokoan. Horregatik, udazkenean sinadura bilketa kanpaina bat abian jartzera goaz, “Erraustegia: ez elikatu gure hondakinekin, ez ordaindu gure diruarekin” eskaria udalari egiteko.

Pello Aranburu, Manex Zubiria, Miren Maioz, Joxe Mari Zubimendi, Juli Bereziartua, Patxi Azpirotz, Joxe Piñas, Pepe Rivadeneyra.