Koronabirusa

Azken egunotako kasu positiboek ez dute elkarren arteko loturarik

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 25a, 11:09

Azken egunotan Osasun Sailak Usurbilen antzeman dituen covid19 kasuen gorakadarekiko kezka agertu du Usurbilgo alkateak. Osakidetzatik jakinarazi diotenez, birusa herriko zenbait etxeetan sartu da. Agertu diren kasuek elkarren arteko loturarik ez dute. "Osakidetzarekin hartu-emanetan gaude eta hurrengo egunetako arakatze-lanen emaitzen zain gaude", Agurtzane Solaberrietak sare sozialen bidez berri eman duenez. Bitartean, jada ezagunak ditugun osasun gomendioak betetzeko deia egin du.

Ostiral eguerdi honetan Osasun Sailak kaleratuko dituen datuen zain, bi egunetan 11 covid19 kasu antzeman ditu Usurbilen, 32 azken hamabostaldian. Martxoaz geroztik zenbatu diren kasuen ia %50a azken bi asteotan; martxotik hona sei hilabeteotan 63 koronabirus kasu antzeman baititu Osasun Sailak.

Egunotako covid19 agerraldien gorakadarekiko kezka agertu du Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak sare sozialen bidez. "Kezkatuta gaude gaitzaren hedapenarekin eta egunez egun ari gara egiten kasuen jarraipena", adierazi du Usurbilgo alkateak. Osakidetzako arduradunekin hartuemanetan da alkatea eta aditzera eman diotenez, "Covid19-a herriko hainbat familiatan sartu da eta, kasu batzuetan familiako kide bat baino gehiago gaixotu ditu".

Osasun gomendioak betetzen jarraitzeko deia
Halere, alkateak argitu duenez, "familia gune horietan izan diren positiboek ez dute elkarrekin loturarik". Positibo gehiago agertu dira azken egunotan, garai batean baino PCR proba gehiago egiten direla kontuan izanda. "Azken 15 egunotan herrian 148 PCR proba egin dira. Tamaina bereko herrietan egin ohi den kopurua dela esan didate eta alde horretatik ez dagoela ezer deigarririk", azaldu du Solaberrietak.

Osteguneko datuen osteko egoera aintzakotzat hartuta, "oraingoz ez dugu neurri berezirik hartzea aurreikusten. Osakidetzarekin hartu-emanetan gaude eta hurrengo egunetako arakatze-lanen emaitzen zain gaude".

Datu berrien zain, "bitartean, indarrean dauden osasun gomendioak bete, eta ahal dela, saihestu 10 lagun baino gehiagoko elkartzeak. Elkar zaintza baino txerto eraginkorragorik ez dago. Zaindu, Usurbil".

Erlazionatuak

Beste 7 kasu berri, 11 aste hasieratik

Noaua Aldizkaria 2020 ira 24 Usurbil