Gurasoek ezin ehunka kilometrora duten alaba aurrez aurre ikusi, alabak ezin duela bi urtetik kalean behar zuten baina ehunka kilometrotara dituen gurasoak bisitatzera joan. Egun teknologia berriek eskaintzen duten aukera ere ezin baliatu, debekatu egin diete.
3 urte bete eta gurasoengandik bereizi zutenetik Xuak Aranjuezeko espetxean ehunka kilometrotara dituen guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarekin egoteko aukerarik ez du izan azken ia 8 hilabeteetan. Eta ez nahi izan ez dutelako, ezta eskatzen ahalegindu ez direlako. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, ostiral iluntze honetan frontoian egin duten hileroko azken ostiraletako elkarretaratzean, ukatu egin diete telematikoki ere, bideodeien bidez, Olatz eta Patxiri alaba Xuarekin hartuemanetan jartzea. "Ez da egokia. Momentuz ez behar beste justifikatua". Horixe Patxi Urangak alabarekin komunikatu ahal izateko duela hilabeteko eskaerari espetxeko zuzendariak emandako erantzuna.
Hilabeteak elkar ikusi ezinik
Eskaerak honela zioen, ostiral honetako elkarretaratzean gogorarazi zutenez: "Iragan abuztuaren 26an bezala, gure adin txikiko alabarekin bideodeiak egin ahal izatea baimentzea eskatzen dut, emaztearekin batera egin ahal izateko, familia "bis a bisen" komunikazioen etenaldiak iraun artean". Abuztuaren 31n egin zuten eskaera. Espetxeko zuzendariaren erantzuna aipaturikoa; debekua.
"Hilabeteak daramatzate bai berak eta bai Olatzek Xua alaba ikusi gabe eta bideodeiaren aukera ere ukatu egin diote", salatu zuten atzo Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, euria tarteko, frontoian egin behar izan zuten mobilizazioan.
Isolatuta
Alabarekin komunikatzeko bide bakarra eten diete espetxe barruan egoera gogorra bizi duten Olatzi eta Patxiri. "Olatz dagoen moduluan Covid19ko kasu bat eman zela-eta, isolatua eta inolako bisitarik gabe egon da oraintxe arte. Euskal preso politikoak dauden Espainiako 44 espetxeetatik 30etan aurrez aurreko bisitak etenda daude. Lokutoriokoak ere gero eta zailtasun handiagoekin egiten dira. Xua lokutorio bateko bisitara, hau da, kristala tartean duen kabinetan egiten diren bisitetara eramatea, pentsaezina da. Hiru urtera arte, egunero, amarekin bizi izan den haur batentzat, ez bere ama eta ezta aita ere besarkatu ezinak sekulako frustrazioa eragingo lioke. Hala eta guzti ere, bideodeiak egiteko baimena: ez da egokia. Ez dago aski justifikatua".
Ulertezintzat jo zuten familia honek bizi duen egoera "konponbidea dagoenean". Bi neurri sorta hartuta; urrunketa desaktibatu eta presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarrita batetik, eta "nazioarteko erakundeek pandemiaren hasieran gomendatu zituzten neurriak aktibatuz; askatasuna hirugarren graduak eskura ditzaketen pertsonentzat, gaixorik dauden presoentzat eta arrisku-taldeak izateagatik 65 urtetik gorakoentzat".
Hilabete hasieran espetxean hilik agertu zen Igor Gonzalez Sola oroitzeko tartea hartu zuten atzoko mobilizazioan. "Besarkada sentikorra bere familia eta hurbilekoei".