Euskal Herri osoko mendi tontorrak, 650 guztira aldarriz beteko ditu Sarek deituta 400etik gora herri eta auzoetatik antolatu diren martxekin "Izan bidea" izeneko ekimenaren baitan, "preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta elkarbizitzarako eta bakerako bidea egin asmo duen dinamika zabal honen baitan, hain zuzen ere". Marea urdin eta zabala irudikatzea nahi dute.
Sarek astearte honetan eginiko agerraldian oroitarazi duenez, "behin eta berriz esan dugu une garrantzitsu baten aurrean gaudela, batetik, Euskal Herri mailan inoizko adostasun maila handiena lortu dugulako salbuespeneko espetxe politikaren aldaketaren alde eta bestetik, bai Frantziako zein Espainiako Gobernuek aldaketa hori gauzatzearen aldeko borondatea adierazi dutelako. Ekintzei dagokionean ordea, oraindik ere, mugatuak izaten ari dira".
"Helmugara iritsi arte"
Horren aurrean, "guri dagokigu, borondate hori praktika bilakatzea, ez baita benetako erroko mugimendurik emango, bultzatu ezean. Preso eta iheslarien auzia konpontzeko garaia da, baita elkarbizitzaren eta bakearen alde hasitako bidea jarraitu eta gauzatzekoa ere. Eta guk horretan jarraitu nahi dugu, helmugara iritsi arte. Horixe da tontorretara eramango dugun aldarria".
Eskerrak helarazi dizkiete ekimenean parte hartzera animatu direnei, herrietako martxa hauen antolatzaileei. Eta kontuan hartzeko hainbat xehetasun eskaini dituzte larunbateko hitzorduei begira. Gogoan izan, Usurbildik Andatza gainera igotzeko deia egin da.
Datuak
Eguna: urriak 3, larunbata.
Ekimena: Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igoera, "Izan bidea" kamiseta eta banderolekin.
Irteerak: 400 Euskal Herri osoan. Usurbilgoa Andatzara.
Igoko diren mendi tontorrak: 125 inguru Araban, 130 inguru Bizkaian, 120 inguru Gipuzkoan, 220 inguru Nafarroan eta 60 inguru iparraldean.
Mendi tontorretan:
-"Izan Bidea" banderolak ezartzea.
-Ekitalditxoak segurtasun irizpideak errespetatuta.
-Julio Soto bertsolariaren bertsoa abestea tontor guztietan batera, Habanera doinua lagun.
-Irudiak sare sozialen zabaltzeko deia, #650tontor , #IzanBidea eta igotako mendiaren izenaren traola baliatuta.
Irizpide eta gomendioak:
-Musukoa jantzita eraman eta segurtasun distantziak eta neurriak presente izatea ezinbestekoa da.
-Natura errespetatu, bidea jaso bezain garbi, edo garbiago utzi.
-Eguraldiaren arabera arropa egokia hartu eta mendirako oinetako aproposak jantzi, ura eta jatekoa eraman.
-Norbere indarrak ondo neurtu. Ongi aukeratu igotzera zoazen mendia eta edozein atsekabe sentituz gero laguntza eskatu.
-Helburua, etxeratze prozesuaren alde, elkarbizitzaren alde eta bakearen alde mugimenduan den jendartea garela erakustea da, baina baita gozatzea ere, Beraz, disfrutatu mendiaz eta zatozte larunbatean 650 tontor gurekin igotzera!
Usurbilgo martxa
Urriak 3, larunbata
09:00 Sarek antolaturiko mendi martxa Andatzara, frontoitik abiatuta.
11:00 Andatza tontorrean bilkura; banderola jarri, “Ikusi mendizaleak” abestia kantatu, inguruko mendietako parte hartzaileak agurtu…
Izen ematea: 650tontor.sare.eus
Deitzailea: Sare.
Informazio gehiagorako:
sare.eus