Bizi dugun osasun krisialdiaren ispilu dugu Usurbilgo Udalak plazaratu berri duen urriko kultur agenda. Bada non aukeratua, baina prestatu den eskaintza, bizi dugun ezohiko testuingurura egokituko da. Solasaldiak, ikastaroak, bisita gidatuak, ospakizunak, ipuin kontaketa saioak... Usurbilgo kultur eskaintzan ohikoak ditugun hitzorduak antolatu dira estreinatu berri dugun hilabete honetan. Adi ordea parte hartu asmo baduzue; zuen bertaratzea baieztatzeko, aurrez izena eman edo jakinarazi beharko duzue.
Urria abiaraziko duten ezohiko San Praixkuen asteburua horren lekuko. Aginagako Jai Batzordeak urriaren 2etik 4ra iragarri dituen Ene Kantak haur emanaldirako (hilaren 2an), Mihise eta Unidad Alavesa taldeen kontzertuetarako (hilaren 3an) eta aginagarrak ere partaide izango dituen herri kirolen erakustaldirako (hilaren 4an) izena aurrez bideratzen ari dira usurbilkultura.eus atarian.
Plataforma bera baliatuko du "Bizi bide" taldeak urriaren 9rako antolatu duen "5G teknologia, osasuna eta ingurumena" hitzaldirako ere (19:00etan Potxoenean). ElektroKimikoSensible kaltetuek hartuko dute hitza ekitaldian zehar.
Tipi-tapa
Ibilaldien hilabete ere izango dugu urria. Klasiko bat; Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna ospatuko da, oraingoan urriaren 25ean. Astebete lehenago, hilaren 18an "Urdaiaga ezagutuz" irteera gidatua, Behemendi eta Beterri-Buruntza udalen eskutik. Urriaren 10ean eta 24an herriko kultur altxorretan barrena ibilaldi gidatu bana Harria Hitz ekimeneko sustatzaileekin. Bide batez, gogoratu baita, larunbat honetan (urriaren 3an), Sarek "Izan bidea" dinamikaren baitan, Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko gonbita luzatu die herritarrei. Usurbilen kasuan Andatzara mendi martxa, larunbat goizeko 9:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuta.
"Udazkena Liburutegian" eta "Zaldi Urdina"
Urriaren 24ko Liburutegien Egunaren bueltan "Udazkena Liburutegian" ekitaldi ziklo bat ere antolatu du Sutegi udal liburutegiak: Ixabel Agirresaroberekin ipuin kontaketa saio bana, 4-5 urtekoentzat eta 6 urtetik gorakoentzat, urriaren 27an eta 29an hurrenez hurren. Joseba Larratxek marrazturiko "Joana Maiz" komikia hizpide izango duen Euskarazko Literatura Solasaldia hilaren 22an.
Hilabete honetako kultur agendaren azala den antzezlan bat ere programatu du Jexux Artze Kultur Elkarteak; "Zaldi urdina" urriaren 17an 20:00etan Sutegin. "Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari". Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzitako antzezlanak Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide aktoreak bilduko ditu.
Organo erakustaldi bat ere badakar urriak; Esteban Elizondo Iriarteren kontzertua urriaren 10ean 19:00etan Elizan.
Hitza hartzeko garaia
Herriaren etorkizunaz erabakitzen hasteko hilabetea ere izango dugu estreinatu berri dugun urria. Urriaren 8an eta 15ean, etorkizunean Kalezarko Pelaioenean kokatuko diren Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua zehazteko parte hartze prozesuak abiatuko dira. Hilaren 8an, "Guk Zubietan zer" prozesua aurkeztuko dute 18:30etan frontoian. Etorkizuneko Zubieta marraztea izango dute helburu nagusia, eta lanketa horren emaitza, Udalak 2021ean hasieraz onartu asmo duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) txertatuko dute.
Horrekin batera, sorterri ezberdinetako herritarrek ere hitza hartzeko hitzordu bat ere iragarri da urriaren 15ean 18:00etan Sutegin. Udalak antolatuta, "gure herrian jatorri eta kultura aniztasun ezberdina dugunon arteko gertutasuna eta elkarbizitza hobea lortze aldera, ekintza ezberdinak diseinatu eta adostu nahi dira".
Ikastaroak
Asteotan iragarritako hainbat eta hainbat ikastaro abian dira edo datozen asteotan jarriko dituzte martxan. Haietako batzuen informazioa dakar urriko kultur agendak; Jabekuntza Eskolako ikastaroen berri ("Biodantza" eta covid19 garaiko autoestima, emozio eta ahalduntzea hizpide izango dituztenak), Orbeldi D.T.-ren eta Etumeta AEK euskaltegiaren eskaintzaren, baita Gaztelekuko ekintzen berri ere.
Hitzordu guztion xehetasunak hizpide izango ditugu asteotan.