Bigarren asteburuan jarraian, giro euritsu eta haizetsua izango dugu. Abisu horia ezarri dute, haizeagatik zenbait orduetan, larunbat goizaldean alerta laranjan egongo gara. Adituen iragarpenak aintzakotzat hartuta, Errekatxiki pasealekua ixtea erabaki du Usurbilgo Udalak asteburuan, "segurtasunagatik, haize boladak tarteko". Ondorioz, "errekaren ondoko oinezkoen pasealekua itxi, eta goiko espaloia ez erabiltzeko gomendatu dute udaltzainek".
Abisu horian euriagatik eta haizeagatik
Aurreko asteburuko tankera har dezake eguraldiak asteburuan, Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpena irakurrita. Haizea eta euria bueltan datozkigu eta bai bat zein besteagatik abisu horian izango gara ostiral honetatik aurrera.
"Prezipitazio iraunkorragatik", ostiral arratsaldeko 21:00etatik larunbat arratsaldeko 15:00ak arte. Tarte horretan, Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 50-60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Prezipitazio ertaina egingo du; zenbait tokitan handia eta iraunkorra izan daiteke eta ekaitzak jo dezake".
Gauerdian gainera, bigarren abisu hori bat jarriko dute indarrean, larunbat eguerdiko 12:00ak arte "prezipitazio handiagatik". Tarte horretan, "Kantauri isurialdeko zenbait tokitan, ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Prezipitazio ertaina egingo du; zenbait tokitan handia eta iraunkorra izan daiteke eta ekaitzak jo dezake".
Haizeari dagokionean abisu ezberdinak jarriko dituzte indarrean ostiral iluntzeko 21:00etatik larunbat eguerdiko 12:00ak arte:
-Haizeguneetan: 21:00-12:00 Abisu horia. "Mendebal-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete". 03:00-9:00 artean, alerta laranja kostaldeko haizeguneetan. "Mendebal-osagaiko haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gandi dezakete".
-Haizeguneak ez diren tokietan: 21:00-12:00 Abisu horia. "Mendebal-osagaiko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete".
Usurbilerako iragarpena
Ostiral honetan (urriak 2) Usurbilen, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du eta goizean eta gauean zenbait lekutan handia eta iraunkorra izan daiteke. Noizbehinka ekaitzak izan daitezke, bereziki azken orduetan. Mendebal-osagaiko haize bizi-gogorra ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Egunaren erdiko orduetan ipar-mendebala nagusituko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da", dio Euskalmet-en iragarpenak.
Bihar (urriak 3), "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du, zenbait tokitan egunaren lehen zatian handia, iraunkorra eta trumoitsua izan daiteke. Mendebal-osagaiko haize bizi-gogorra ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperaturan, aldaketarik ez.".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus