Goizeko azken orduan nabaria zen Zubietan barrena aurrera eta atzera zebiltzan ibilgailuen mugimendua. Ohi baino ziurrenik gehiago. Hala gertatzen baita N-634 errepidean istripu bat jazo ohi denean eta gidari askorentzat Lasarte nahiz Donostia aldera joan edota zonalde hartatik Usurbil aldera etortzeko bide alternatiboa izaten da.
Ibilgailu batek istripua izan du ostegun goiz honetan N-634 errepideko 2. kilometroaren bueltan, Txikierdi inguruan. Hasiera batean, errepidea guztiz itxi dute. Hala zioen Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak inguruko errepideetako paneletan nahiz sare sozialen bidez zabaldu duen mezuetan. Baina gerora txandakako zirkulazioa ezarri dute. Auto ilarak izan dira Txikierdi inguruan. Aipatu moduan, Zubietako bide alternatibotik barrena joatea erabaki du batek baino gehiagok.