"Izan bidea"

Andatzako mendi martxaren ordez, Sarek deitutako argazki jendetsua larunbatean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 2a, 07:19

Larunbaterako iragarria dagoen giro euritsua tarteko, 2021eko maiatzaren 8ra atzeratu ditu Sarek, "Izan bidea" dinamikaren baitan urriaren 3rako Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko deituak zituen martxak. Horren ordez, tokian tokiko mobilizazioak deitu ditu. Usurbilen, argazki jendetsuan biltzeko deia larunbatean (urriak 3) 13:00ean frontoian.

Larunbaterako iragarria dagoen giro euritsu eta haizetsuagatik atzeratzea erabaki du Sarek, udaz geroztik abian duen "Izan bidea" dinamikaren baitan urriaren 3rako Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko antolatuak zituen martxak, 2021eko maiatzaren 8ra hain zuzen. "Tamalez, larunbat honetako #650Tontor ekimena atzeratzearen erabakia hartu behar izan dugu eguraldia dela eta. Sortutako ilusioa, egindako lan izugarria eta animatu den herritar kopurua haintzat hartuta, maiatzaren 8ra atzeratzea erabaki dugu". Gogoan izan, 650tontor.sare.eus web orrialdean sartu, mendi gailurra hautatu eta izen emateko aukerak zabalik jarraituko du. 

Mendira joan ez, baina plazetan biltzeko deia egin du Sarek. Mobilizazio eta argazki jendetsuak iragarri ditu larunbaterako. Usurbilen, urriaren 3an, 13:00etan frontoian. "Mendien igoera bertan atzeratu behar izan dugun arren, dei egin nahi dizuegu parte hartzeko asmoa zenuten guztiei, larunbatean herriko plazetan elkartzera eta lagunartean, familian edo herriko kideekin argazkiak atera eta sarean zabaltzera #650tontor eta #IzanBidea traolekin". 

Bide batez, argazki jendetsuokin urriaren 24rako Donostian deitu duten manifestazioa iragartzera ere animatzen dituzte herritarrak. "Lagunartean, familian edota herriko plazetan aterako diren argazkietan igotzeko asmoa genuen mendiaren izena agertu eta urriaren 24ko Donostiako (17:00etan Antiguako tuneletik) manifestazioaren deialdia egitera animatu nahi zaituztegu".

Konponbidearen alde
Sarek urriaren 3rako, uda hasieratik abian duen "Izan Bidea" dinamikaren baitan 650 mendi tontorretara igotzeko gonbita luzatua zuen. Gogoan izan, euskal presoen afera konpontzearen alde lehenbailehen urratsak emateko ekimena da “Izan bidea”; “Madril eta Parisko gobernuak presoen egoera eta presoen auziaren konponbiderako urratsak ematera bultzatzea” da asmoa. Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro egitera animatu digute hilabeteotan, oinez, korrika edota bizikleta gainean.

Presoak etxeratzearen aldeko deialdiak
Urriak 3, larunbata
13:00
Argazki jendetsua Usurbilgo frontoian.
Oharra: Andatzara antolatua zegoen mendi martxa 2021ko maiatzaren 8ra atzeratua, larunbaterako iragarri den giro euritsuagatik. Izen ematea: 650tontor.sare.eus

Urriak 24, larunbata
17:00 
Manifestazioa Donostian Antiguako tuneletik salbuespen legediaren aurka, konponbidearen alde. “Resolution” hitzarekin mosaiko erraldoia Kontxako hondartzan.
Deitzailea: Sare.

Urriak 30, ostirala
20:00
Presoak etxeratzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. 
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Informazio gehiago: sare.eus