Ezin gaur mendian batu, giro euritsua tarteko eta Euskal Herriko plazetan mobilizatu dira milaka herritar Sarek deitutako hitzorduetan. Presoek eta iheslariek bizi duten egoerari aterabidea ematea zuten xede elkarretaratzeok, udaz geroztik Sarek abian duen "Izan bidea" dinamikaren baitan.
Euskal Herriko 650 mendi tontorretara egin ezin izan diren martxak hurrengo maiatzera atzeratu dituzte. "Are gogotsuago eta indartsuago ekingo diogu irteerari", Sareren esanetan. Martxa hauetarako izen emateak zabalik segiko du, 650tontor.sare.eus atarian. Igo nahi duzuen tontorra hautatu eta datu pertsonalen formularioa osatu besterik ez da egin behar.
"Resolution"
Lehenago ordea, preso eta iheslarien egoerari aterabidea emateko urratsak ematen segiko du Sarek. Hurrengoa urriaren 24rako Donostian deitu duen manifestazioa eta mosaiko erraldoian. "Bertan mundu osoari zuzenduko gatzaizkio, mundu osoak jakin dezan oraindik ere ehunka preso etxetik ehunka kilometrora daudela. Oraindik ere presoen gehiengoa lehen graduan edo zigor graduan dagoela, oraindik ere emakume presoek bakartuak jarraitzen dutela, ehun motxiladun haur inguru daudela eta preso gaixoak heriotzara arte espetxean mantentzen dituztela. Finean, oraindik orain hau guztia ahalbidetzen duen salbuespenezko espetxe politika indarrean dela", berri eman dute Sareren Usurbilgo taldeko kideek eguerdian frontoian egin den mobilizazioan.
Hortik, manifestarien laguntzaz mosaiko erraldoiarekin Kontxan islatuko duten hitza; "resolution". Mundu zabalera hedatu nahi duten mezu honekin Sarek adierazi nahi du, "unea dela, gehiengoak aldaketa nahi dugula, egoera hau ezin dela betikotu, eta elkarbizitzaren baitan aurrera egin ahal izateko salbuespenezko espetxe politika bertan behera utzi eta presoen etxeratze prozesua abian jartzea ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu. Bidea ibiliz eta ibiliz egiten dela badakigu, eta gu aurrera urratsak emateko prest gaudela".
DATOZEN MOBILIZAZIOAK
Presoak etxeratzearen aldeko deialdiak
Urriak 24, larunbata
17:00 Manifestazioa Donostian Antiguako tuneletik salbuespen legediaren aurka, konponbidearen alde. “Resolution” hitzarekin mosaiko erraldoia osatuko dute manifestariek Kontxako hondartzan.
Deitzailea: Sare.
Urriak 30, ostirala
20:00 Presoak etxeratzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
2021eko maiatzak 8, larunbata
13:00 Andatzara mendi martxa, Euskal Herri osoan 650 mendi tontorretara igotzeko egina dagoen deialdian. Izen ematea: 650tontor.sare.eus
Deitzailea: Sare.
Informazio gehiago: sare.eus