“5G teknologia, osasuna eta ingurumena” hitzaldia ostiralean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 6a, 08:36

“5G teknologia, osasuna eta ingurumena” hitzaldia eskainiko dute ostiralean (urriak 9) 19:00etan Potxoenean, BiziBidek antolatuta, Aitziber Elortzak eta Miren Mendibourek. Ekitaldirako izena aurrez, hilaren 7a baino lehen doan eman daiteke, usurbilkultura.eus atarian. NOAUA! hizlarietako batekin, Aitziber Elortzarekin bildu da.

5G sistema teknologikoaren ezarpena geldiarazteko xedez, sinadura bilketa bati ekin diote. Usurbilen, Aitziber Elortza eta BiziBide elkartea aritu dira sustatzaile lanetan. “Uhinengandik ihesi bizi naiz. Bestela gaixotu egiten naiz. Nere ahalegina batez ere hortik dator”, adierazi digu Elortzak. “BiziBide elkartearen babesarekin mugitzen ari naiz. Ia 400 bazkide dituen elkarte gipuzkoarra da”. 5Garekin gaixo berriak asko ugaritzeko arriskua ikusten dute, “jada gaixo gaudenak asko okertzeaz gain”.

NOAUA! Elektrohipersentibera zara. Noiz jakin zenuen gaitz hori zenuela?
Aitziber Elortza: Badira zortzi bat urte kontaminazio elektromagnetikoari buruz zertxobait entzuten hasi nintzela. Arte Ederretan Lizentziatua izanik, garai bateko arkitektoen geometria ikastaro bat burutu nuen, uhin naturalez gain artifizialak ere ikasi behar izan genituen. Hauen eragina zenbatekoa zen ikusteko, proban jarriaz hasi nintzen. Inguruan eta nigan zituen eraginekin behin eta berriz jolastuz. Beldurrik ez nien eta emisio handien aurrean nahiko lasai jartzen nintzen, momentuko ondoeza bai baina ondoren, joan, desagertu egiten zela ikusita. Aldiz, denbora eta urteak igaro ahala, oinazeak okerrera zihoaztela jabetzen hasi nintzen, emisio intentsitate txikiagoetan gero eta ondorio larriagoak eta egonkorragoak bihurtzen. Nire gorputzak min eta sintoma horiei buelta emateko, emisioen ia erabateko desagerpena, oinarrizko baldintza bihurtu zen arte.

Elektrohipersentibera izena orduan topatu nuen. Niri bakarrik ez, edonori gerta ziezaiokeela ikusita, informazio bila hasi nintzen. Elektrosentibera denok gara; elektrohipersentibera, kaltetuak gertatu garenak.

Zeintzuk dira elektrohipersentibera den pertsona batek dituen sintoma nagusiak?
A. E.: Nagusiki, nerbio sistema zentrala da kaltetuta geratzen dena. Ondorioz, buruko min handiak, neke handia oso maiz, zorabioak, lo egin eta neke gehiagorekin esnatu, edo insomnioak jota ibili, mugitzeko indarrik ez, gorputz osoko minak, digestio arazoak, hormona arazoak, umore aldaketa nabarmenak, gorputzaren tenperatura ezin erregulatu, kontzentratzeko neke handia, eztarria eta belarria babaz betea izaten dugu eta noiznahi irritatu egiten zaizkigu, baita angina edo otitis puntua harrapatu ere. Sistema inmunologikoan arazoak, infekzioak ezin sendatu, gripe sintomak, sukarra gora eta behera, sinusitisak, eztul lehorra... Emisioak desagertzen dihoazen heinean, sintomak ahultzen joaten dira, ia erabat desagertu arte. Sintomak, batzuetan bakarka eta besteetan konbinatuta agertzen dira, emisioaren intensitate, frekuentzia mota eta denboraren arabera.

 

“Kaxkoan bertan indar dezenteko bi antena ditugu”
NOAUA! Usurbil bezalako herri txiki bat egokia da zurearen moduko gaitz bat duenarentzat. Ala Usurbilen ere puntu beltz ugari al daude?

Aitziber Elortza: Gaur egun oso zaila da puntu beltzik gabeko lekurik aurkitzea. Mendian akaso. Usurbilen, kaxkoan bertan indar dezenteko bi antena ditugu, bata San Estebanen eta bestea RNE irrati antena Andatza azpian. Etxe barruetan ere iturburu asko ditugu gaur egun; aldamenekoek dituztenak gehitzen dira gainera. Wi-fiak, telefonoDECT, eskuko telefonoak, segurtasun alarmak... Komunikazio inalanbrikoa den guztia. Eta honi guztiari elektrizitatearena gehitzen zaio: kanpo magnetikoak eta elektrikoak.

Sinadurak biltzen ari dira, 5Garen inguruko moratoria eskatzeko
NOAUA! Duela gutxi sinadura bilketa bat abiarazi duzue. Zer da zehazki eskatzen duzuena?
Aitziber Elortza: Gaur egun jakina da kontaminazio elektromagnetikoaren eragina zenbaterainokoa den, milaka proba zientifiko badira urte askotan zehar eginak. Munduko Osasun Erakundeak berak minbiziaren eragile garrantzitsutzat du. Orain arte, 3G eta 4Garekin arazoak asko ugaritu dira eta 5Grako saltoa haratago dihoa. Arazoak larriak izan daitezke, bai gizakiarentzat; bai animalia, erle, intsektu zein izadiarentzat. Hau gelditu eta orain arte egin ez den eztabaida mahai gainean jarri eta modu egoki batean irtenbidea gauzatzeko modua lortu nahi da.

Elektrohipersentibera den bati, zein neurritan eragingo dio 5G sistemaren balizko ezarpenak?
A. E.: Gure sintoma, oinaze eta gaixotasunak biderkatzeko arriskua dute, gaitz larri bilakatzeraino: minbizi, zirkulazio arazo, inmunologiari lotutakoak... Munduan ez da geratuko zirrikiturik uhinengandik libre denik, beraz, non babesturik izango al dugu? Gaur egun ospitaleetan ere uhin bidezko komunikazioak sartu dituzte, pentsa!

Zer egingo da batzen diren sinadura horiekin?
A. E.: Euskal Herriko udal eta hiri guztietan, arlo honetan eztabaida sortu eta osasun ingurumen baldintzak ziurtasunik ez duten bitartean, 5Garen inguruko moratoria eskatzeko bideratzen ari gara.

Gai honekin interesatuta dagoenari zer esango zenioke?
A. E.: elektrokutsadurausurbil@gmail.com helbidera zuzendu dadila.