Koronabirusa

Aldaketak gripearen aurkako txertoa hartzeko kanpainan

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 9a, 14:16

Bizi dugun osasun krisialdiagatik, ezohikoa izango den gripearen aurkako txertaketa kanpaina berria aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, "Aurten, inoiz baino gehiago, gripetik aldendu!" aldarriaren bueltan. Prebentzio neurri zorrotzagoen artean bideratuko dute. 

Covid19-aren eraginez, aldaketak gripearen aurkako txertoa hartzeko kanpainan. Aurreratu egin dute aurtengoan eta hiru faseetan banatu, txertoa jartzeko epea. Egoitzetako langile eta egoiliarrei eman nahi izan zaie lehentasuna, aste hasieratik haiek izan dira kanpaina honen jomuga. Urriaren 13tik aurrera arrisku-taldeen txanda izango da. Hilaren 31tik aurrera herritar orok jarri ahalko du. 

Aurrez ordea txanda eskatu beharko da anbulatoriora deituta (943 36 20 13). "COVID19-aren ondorioz, segurtasun-neurri zorrotzagoak hartu dira eta, hori dela eta, aurten Osakidetzak berak emango dizkie hitzorduak arrisku handiko herritarrei. Gainera, aurtengo nobedadea da Osakidetzako saretik kanpoko ehun bat txertaketa-gune ezarri direla". Zerrenda horretan, Usurbilgo kokagunea bilatzen hasi eta aparkalekuan etxola bat egokituko dutela iragarri du Osasun Sailak.

Covid19 garaiotan, gripearen aurkako txertoa hartzeko gonbita luzatu dute osasun agintariek. Ezohiko testuinguru honetan hartzen ari garen prebentzio eta higiene neurrien artean kokatzen du Osasun Sailak aurtengo kanpaina. "Gripearen aurkako kanpaina aukera bat dela prebentzioko eta higieneko oinarrizko ohiturak hartzeak duen garrantziaz kontzientziatzen jarraitzeko. Ohitura horietako batzuk, besteak beste, honako hauek dira: eskuak sarri garbitzea, maskara erabiltzea eta urruntze soziala gordetzea".

GRIPEAREN AURKAKO TXERTOA HARTZEKO KANPAINA DATUETAN
Bereziki arrisku-talde hauei zuzendua:
-65 urtetik gorakoei.
-Gaixotasun kronikoren bat dutenei.
-Haurdun dauden emakumeei.

Txertaketa, hiru faseetan:
-1. fasea (urriaren 5etik aurrera): egoitzeko langile eta egoiliarrei.
-2. fasea (urriaren 13tik aurrera): arrisku-taldeetako herritarrei.
-3. fasea (urriaren 31tik aurrera): gainerako herritarrei.

Tokia: Usurbilgo anbulatorioa, aparkalekuko etxola.
Gainerako lekuen zerrenda

Oharra:
-Gripearen aurkako txertoa jasotzeko hitzordua eskatu beharko da anbulatorioan, 943 36 20 13 telefono zenbakira deituta.

Inbertsioa: 558.000 dosi, 2 milioi euro. Bi txerto mota erosi ditu Eusko Jaurlaritzak:
-Azaleko antigeno inaktibatuaren gripearen aurkako txertoa (Chiroflu®), 6 hiletik aurrerako herritarrentzat.
-Azaleko antigeno inaktibatuen gripearen aurkako txertoa, MF59C.1 lagungarriduna. 65 urteko edo gehiagoko pertsona instituzionalizatuei zuzentzen zaie (Chiromas®).

2019-20 kanpainako EAE-ko datuak:
Gripearen eragina:
-Gripeak eragin handiena 65 urtetik gorakoen artean izan zuen.
-1.304 ospitaleratu.
-333 kasu larri.
-45 hildako.

Txertaketa-tasa:
65 urte edo gehiagoko pertsonak: %58,8.
Pertsona instituzionalizatuak: %95,5.
Haurdun dauden emakumeak: %44,3.
Osakidetzako profesionalak: %37,4.

Iturria: Osasun Saila.