Urriaren 12an ospatzekorik ez

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 12a, 08:25

Ikama ikasle antolakunde berriaren aurkezpena iragartzeko Usurbilen jarri zuten pankarta bat.

Urriaren 12a, jai egun "ofiziala", baina baita Hispanitate Egunari planto egitekoa ere. Eskualdean zenbait hitzordu deitu dituzte ikasleen eta gazteen mugimenduek.

Batetik, Oriarte Usurbil eta Lasarte-Oriako Institutuko Ikama ikasle antolakunde berriak herri eskolak deitu ditu astelehen goiz honetarako "ez gara espainolak. Euskal Herrian gure hezkuntza" aldarripean, goizeko 10:00etan hasi eta 13:30ak arte. Hasteko "hispanitateari planto" ekimena, edukien lanketa eta kale apainketa. Aipatu ikasle antolakundeak Euskal Herri mailan eginiko deialdiarekin bat egin dute modu horretan institutuko ikasleek. "Ez gara espainolak. Ez da hain zaila ulertzeko ezta? Horregatik ikasleok, urriaren 12an, gure egutegian inposatua den jaiegun arrotz honetan ohi bezala herri eskoletan elkartu eta antolatuko gara".

Ernai Buruntzaldeak ere urriaren 12ra begira zabalduriko mezuek argi diote; "ez dugu onartzen, ez zaituztegu onartzen" dio, Espainiako monarkia ordezkatzen duen familiako ordezkarien koadro irudia, esku mutur batek hautsia agertzen duen kartelak dioenez. "Ez dugu onartzen Espainia frankistaren herentzia ustela. Ez dugu onartzen geure herria ukatu eta zapaltzen duen erregimen faxista. Urriaren 12an ezer ez ospatzeko!". Eskualde mailan Hernanin deitu dute arratsaldeko 19:00etarako ekitaldia Plaza Berrian, "espainiar erreinuak mantentzen duen izaera koloniala salatu eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko".