"Prezipitazio iraunkorragatik" abisu horian gaur arratsaldetik 24 orduz

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 13a, 08:00

Astearte arratsaldeko 18:00etan hasi eta 24 orduz, "prezipitazio iraunkorragatik" abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

24 ordutan, astearte arratsaldeko 18:00etan hasi eta asteazken arratsaldeko 18:00ak arte "baliteke Gipuzkoako zenbait lekutan 60 l/m² baina gehiago pilatzea 24 orduan, bereziki ekialdean. Bestalde, kantauri isurialdeko gainerako lekutan 40-60 l/m² artean pilatu litezke 24 orduan. Prezipitazio ertaina egingo du eta oso ugaria izango da. Baliteke zaparradak handiak izatea eta trumoi-ekaitzak jotzea". Hala diote Euskalmet meteorologia agentziak. 

Giro honetan, astearte honetan (urriak 13) Usurbilen, "zerua oso hodeitsu agertuko da. Euri txiki-ertaina egingo du, sarriago gauean. Ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez". Bihar (hilak 14), "zerua oso hodeitsu agertuko da. Euri txiki-ertaina egingo du, zenbait tokitan baliteke iraunkorra eta handia izatea. Trumoi-ekaitzak jo dezake. Ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin; arratsaldetik aurrera indarra galduko du. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus