Urriaren 22an, "Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak" dinamikaren Usurbilgo aurkezpena

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 14a, 10:09

Eskualdeko sortzaileak elkar ezagutu eta saretzea du helburu, "Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak" dinamika berriak. Herriz herri aurkeztuko dute hurrengo astean; urriaren 22an Usurbilen, Udarregi Ikastolan. Dinamikarekin bat egiteko deia egin dute sustatzaileek. Plataforma bat zabaldu dute.

Buruntzaldeko gazte sortzaileak elkar ezagutu eta saretzeko, "euskal kulturgileok kolektiboki kolpatzen gaituen problematikari modu bateratuan aurre egiteko edota "munduarekiko kritikoa eta konprometitua den kulturgilearen figura aldarrikatzea". Hortxe, eskualde mailan abian jarri duten "Buruntzaldeko gazte sortzaileak" dinamika berriaren helburu nagusiak. 

Lehendik ere, "bakarturik prekarioki biziraun dugu Buruntzaldeko gazte sortzaileok". Covid19-ak are gehiago sakondu du sektorea bide horretan, "nekaturik, kolektiboki zapaltzen gaituzten gaitz estrukturalei modu indibidualean aurre egin ezinean". Egoera honen aurrean, "une latz hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoa ikusten dugu artegileen arteko sareak eraiki eta elkar babestearekin batera, dinamika amankomunak eratzea". 

Plataforma berria
Sare sozialen bidez zabaldu duten adierazpenean iragarri dutenez, helburuon bueltan, "Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plaza sortu dugu". Hemen duzue informazio gehiago eta eskualde mailako dinamika berri honekin bat egitea eskatzen dute, ondoko plataforma berriaren estekan klikatuta: https://buruntzasortzailea.wixsite.com/buruntzasortzaile

"Helburu hauen bidean, dei egiten diegu eskualdeko gazte sortzaile sentitzen den edonori, plataforman izena eman dezan. Eman izena Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plazan (buruntzasortzaileak@gmail.com)".

Segidan duzue kaleratu duten adierazpena osorik. "Kulturak egiten gaitu, sortuz, garena eraikitzen dugu. Batu zaitez sarera eta elkarrekin hauspotuko dugu pizten ari garen garra!".


"BURUNTZALDEKO GAZTE SORTZAILEAK" DINAMIKA, ABIAN DA
Bizi dugun sistemak, kultura kontsumo eta aisialdi produktu soil bilakatu nahi duen garai hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da kulturgileok, sortzaileok, artistok, kulturako langileok... elkar saretu eta, gure eskubideak aldarrikatzearekin batera, gure izaera, nortasuna, indartuko dituen elkarguneak sortzea.

Helburu nagusi hauek hizpide, Buruntzaldean, kultura eraikitzea maite dugun zenbait gazte elkartu eta, "Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak" dinamika abiatu dugu. Covid19aren ondorioz bizitako berrogeialdiak eta jarraian etorritako "Normaltasun Berrian" bizitzen ari garen egoera ziurgabeak mugiarazi gaitu. Derrigortutako itxialdiaren aurretik ere, bakarturik prekarioki biziraun dugu Buruntzaldeko gazte sortzaileok. Nekaturik, kolektiboki zapaltzen gaituzten gaitz estrukturalei modu indibidualean aurre egin ezinean.

Ordutik, isolamenduak argi utzi zuen artea eta kultura lehenatasunezko alderdiak direla gure bizitzetan, sorkuntza, argi izpi bilakatu zen bakardadez jositako zingira ilunean. Eta, gure agintariak, hortaz ohartu eta, itotzear den euskal kultur munduarekiko aitortza egin eta irtenbideak proposatu beharrean, berriz ere baztertuta utzi gaituzte. Ez da kasualitatea. Artea, sormena da, mugimendua da. Dinamismoa. Norbanakoak eta ondorioz, gizarteak astintzeko eta eraldatzeko gaitasuna duen motore iraultzailea.

Beraz, arestian aipatu bezala, sortzaileentzako une latz hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoa ikusten dugu artegileen arteko sareak eraiki eta elkar babestearekin batera, dinamika amankomunak eratzea. Bide horretan, "Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak" proiektua hiru helburu nagusiren baitan hasi da forma hartzen:

1-Buruntzaldeko gazte sortzaileok elkar ezagutu eta saretzeko. Horretarako Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plaza sortu dugu. Eskualdeko sortzaileen topagune eta elkar harremantze tresna izateko helburuarekin diseinatu dugun plataforma digitala. Bertan, Buruntzaldeko sortzaile ezberdinen perfilak, kultur ekimenen agenda, Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen dinamiken argibideak, proiektu berrien eta artista berrien beharren anuntzio taulak... eta bestelakoak bildu nahi ditugu. Horretarako, plataformako atarian topa dezakezuen galdetegia betetzearekin nahikoa da.

2-Euskal kulturgileok kolektiboki kolpatzen gaituen problematikari modu bateratuan aurre egitea. Gure kultura pairatzen ari den bazterkeria salatu eta honi arnasguneak eskaintzeko ekimenak eta aldarrikapenak gauzatzea dagokigu.

3-Inguratzen gaituen munduarekiko kritikoa eta konprometitua den kulturgilearen figura aldarrikatzea. Horretarako, gure eskualdeko herriak zipriztinduko dituen artegintza dinamika eta gogoeta proiektuen gauzatzea dugu xede.

Beraz, helburu hauen bidean, dei egiten diegu eskualdeko gazte sortzaile sentitzen den edonori, plataforman izena eman dezan. Eman izena Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plazan (buruntzasortzaileak@gmail.com).

Azkenik, hil honetan zehar dinamikaren aurkezpen presentzialak egiteko asmoa dugu. Jarraian datozen data eta herrietan, kokapen zehatzak datozen egunetan argituko ditugu:
-Hernaniko Atsegindegin: urriak 15, 18:00etan.
-Lasarte-Oriako kultur etxeko hitzaldi aretoan: urriak 16, 18:00etan.
-Usurbilgo Udarregi Ikastolako erdiko aretoan: urriak 22, 18:00etan.