"Basolatik berri onik ez", Joseba Larratxeren sortze lan berria eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 14a, 09:25

"Basolatik berri onik ez", hortxe Joseba Larratxeren sortze lan berria kalean da. Aurretik landutako beste bat, "Joana Maiz" aurkeztuko du urriaren 22an Sutegin.

"Azkenean ere!! Jada dendetan duzue "Basolatik berri onik ez" komikia!! Segi korrika zuen alea eskuratzera!", luzatu du gonbita Joseba Larratxek. Bere lanik berriena labetik atera berria du; "Basolatik berri onik ez". Asisko Urmenetak idatzitako gidoia marrazkiz jantzi du Larratxek. Ikastolen Elkarteak argitaraturiko 64 orrialdeko sortze lan honen aurrerapena hemen: "Orbaizetako Olan zer berri dela? Burdin gori urtuak izenik gabeko langileak zulatzen dituela, gaitzeko izurriteak soldaduak euren gomituan itoarazten dituela, Atariez haragoko bidean Hartza baino puskaz makurragorik badagoela, eta Oihana bera Labeetako Sua itotzera abiatua dela. Ez berri gehiagorik ekarri, mezulari, jakin behar baitut neure begiez Basolan zer berri den..."

"Joana Maiz" komikiaren aurkezpena
Aurrez plazaraturiko beste sortze lan bat, "Joana Maiz" komiokia aurkeztuko du Joseba Larratxek, Sutegi udal liburutegiak urriaren 22tik 29ra antolaturiko ekitaldi zikloaren baitan. "Urriaren 22an, 19:00etan, Sutegi liburutegian, Yurre Ugarte eta bion Joana Maiz komikia izango dugu mintzagai. Komikiak jada eskuragarri dituzte Liburutegian; saioan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Liburutegian bertan. Animatu!", luzatu du gonbita Larratxek.

"UDAZKENA LIBURUTEGIAN"
Urriak 22, osteguna
19:00 Euskarazko Literatura Solasaldia: Joseba Larratxek marrazturiko "Joana Maiz" komikia mintzagai.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Joseba Larratxek marraztutako komikia izango dugu mintzagai, ilustratzailea bera gure artean izango delarik. Liburuak eskuragarri daude Liburutegian". 
Oharrak:
-Saioa Sutegiko aretoan izango da, segurtasun neurri guztiekin.
-Izen-ematea liburutegian; 943 360 692.
-Liburuak eskuragarri liburutegian.

Urriak 27, asteartea
18:00 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa.
Tokia: Sutegi aretoa.
Nori zuzendua: 4/5 urtekoei.
Oharrak:
-Segurtasun berme guztiekin.
-Gonbidapenak, usurbilkultura.eus bidez eskuratu beharko dira; haurrak heldu batek lagunduta etor daitezke.
-Aforoa: 94 lagun.
-Izen emate epea: urriak 25.

Urriak 29, osteguna
18:00 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa.
Tokia: Sutegi aretoa.
Nori zuzendua: 6 urtetik gorakoei.
Oharrak:
-Segurtasun berme guztiekin.
-Gonbidapenak, usurbilkultura.eus bidez eskuratu beharko dira.
-Aforoa: 94 lagun.
-Izen emate epea: urriak 27.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.