"Etxeko landareak"
Norbera bizi den lekuko landareak hobeto zaintzeko gakoak biltzen dituen argitalpen berria kaleratu du Jakoba Errekondok, xede honekin; "zure txokorako landare egokienaren aukeraketa, landare bakoitzaren sekretuak, arazo arruntenak, etxean dugun landare hori nola ugaldu eta abar era erraz eta erabilgarrian azaltzea da. Hala ere, landare bizilagun horri buruz dakizunean eta eskaintzen diozun adiskidetasunean datza zu eta haren arteko tratuaren arrakasta, zu zeu bezalakoxe biziduna dela sekula ahaztu gabe".
Hain zuzen, "etxeko-lagun beharrezkotzat" hartzen diren landareak sarritan ez baitakigu egoki zaintzen. "Milaka landare hiltzen da gure inguruan, eta asko, gure etxeetara sartu orduko. Askotan ez dakigu behar bezala zaintzen. Landare bakoitzak bizi baldintza berezi eta berezkoak ditu eta premia hauek etxe bakoitzeko edo txoko bakoitzeko argitasuna, tenperatura eta abarretako baldintza eta gora-behera berezietan ditu. Beraz, lanik zailena, landarearen jatorrizko habitateko baldintzak ahal den zorrotzena itxuratzea da".
"Ilargia eta landareak agenda 2021"
Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak urte berrirako agenda landu dute; "Ilargia eta landareak agenda 2021". "Bizitzarako agenda dugu honakoa, norberaren egunerokoa ilargiarekin eta lurrarekin uztartzeko erraminta baita. Landareekin egiten ditugun lanak jaso eta ikasteaz gain, agendan idatziko ditugu bakoitzak gure bizitzako hitzorduak, egin beharreko lanak, gogoan hartu beharrekoak eta gainerakoak. Aldi berean, agendan irakurri ahalko dugu ilargiaren arabera aste bakoitzean lurra nola landu baratzean, fruitu arboletan, lorategietan eta basoan: zer erein, zer landatu, nola inausi, nola tratatu, zer uzta jaso, nola txertatu… Norberaren eguneroko bizitza ilargiaren eta lurraren aroekiko irekita bizi nahi duen ororentzat, gozagarri eta jakin-min asegarri dugu agenda hau".