Zumalakarregiri eta garaiko testuinguruari buruzko iazko jardunaldiak, argitalpen batean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 14a, 09:28

Tomas Zumalakarregi eta bera bizi izan zen garaiko testuingurua hizpide izan zuten duela urtebeteko jardunaldiak jada eskuragarri duzuen argitalpen batean jaso ditu Nafartarrak Taldeak.

2019ko azaroan Sutegin hainbat lagunek (Patxi Zabaleta, Asisko Urmeneta, Idoia Arrieta, Xabier Irujo, Juan Madariaga, Mikel Sorauren, Fernando Sanchez) eskainitako hitzaldi sortan jorraturiko gaiak hain zuzen; Zumalakarregiren biografia, XIX. mendeko lehen zatian euskarak zuen egoera, komunalen gaia, “Mikel Sorauren historialari nafarrak aurkituriko agiri batzuk”…

“Oso ondo atera zen”, Nafartarrak taldeko kide Jexux Agirresarobek berriki Potxoenean egin zuten argitalpenaren aurkezpenean azaldu zuenez. Aipatu taldea Nabarralderekin batera elkarlanean egitasmo honen bueltan batu ziren. Agirresaroberen hitzaurrea du argitalpenak. “Txiki txikitatik izan dut Zumalakarregiren inguruko jakin nahia”, zioen usurbildarrak. “Gure pertsonaia historikoei” memorian lekua emateko garaia badela deritzo. Bere esanetan, “memoria historikoa ez da 1936. urtean hasten”. Zumalakarregi eta bere garaia jarri zituen adibide gisa. Orduan jazotakoaz, “garaileek historia idatzi dute eta garaituek memoria eutsi. Gaurko hau izan dadila bederen, garaiko oroimena”.

Paradigma aldaketa
Garaileek idatzitako historiaz jardun zuen baita egitasmo honen parte hartzaileetako batek, Idoia Arrieta historialariak. Gehienetan historia “agintean zegoen taldeen mesederako” idazten zen eta “arazo baten aurrean gaude. Oso zaila da historia aldatzea” zioen. Aldiz, bere esanetan errelato hegemoniko ofizialetik atera eta “elkarrizketa baten ondorioa denean historiak hitz egiten du, nahi badugu. Gertaera guztiak mapa historiko batean egokitzen dira baina pieza bat aldatzen bada ondorioa ere aldatu egiten da”. Hori da bere esanetan eskuartean zuen argitalpenak eginiko ekarpena; “paradigmaren aldaketa”.

Zumalakarregiren biografia eta bere bizitzako testuingurua erdigunean jartzen ditu liburuan, karlisten eta liberalen bandoak bereizten zituen garai hartan, “Euskal Herrian zergatik jarri zen gehiengoa Zumalakarregiren agindupean eta zergatik bat egin zuten karlismoarekin” galderari erantzuten saiatzen dira iazko jardunaldietan eta honenbestez argitalpen berri honetan parte hartu dutenek. “Euskaldunaren iraganaren ikuspegi berria landu da. Europako nazionalismoaren hedapenarekin batera, euskal nazionalismoaz hitz egiten digute baina XIX. mendean. Paradigma aldatzeko bidea ireki dute, dokumentazio berria eskaini dute. Entzun nahi duenarentzat historiografia berri bat egiteko bidea ireki dute”.

“Garai baten ikurra”
Nabarraldek “gure memoria, herri egiten gaituen ondarea” aztertzen duela gogorarazi zuen aurkezpenean parte hartu zuen aipatu fundazioko ordezkari Anjel Rekaldek. Zumalakarregiri buruzko lan honen proposamena jaso zutenean, “oso pertsonaia interesgarria eta aberatsa izan zitekeela ikusi genuen, bere garaiko zirkunstantziak azaldu eta ulertzeko”. Argitalpeneko protagonista, “garai baten ikurra da, pertsonaia historiko oso potentea, estrategia mailan genio moduko bat. Bera bizi izan zen bitartean “herri honetan esperantza oso garbia zegoen inoiz irabaziko genuela”.

Zumalakarregiren atzean “zegoen munduak merezi zuen aztertzea, gogoraraztea”. Bere esanetan, “halako figura mitikoek bere garaiko gizartea, errealitatea” kontatzen digute. Hitz gutxitan, “gure historia”. Balio erantsia du gainera euskaraz azaltzea, bere esanetan, “euskaraz oso gutxitan egiten da historia” eta.

“Tomas Zumalakarregi eta bere garaia”
Egileak: 
Patxi Zabaleta Zabaleta, Juan Madariaga Orbea, Mikel Sorauren de Gracia, Asisko Urmeneta, Fernando Sanchez Aranaz, Xabier Irujo Amezaga, Idoia Arrieta Elizalde.
Zehaztasunak: “Zumalakarregiren pertsonaiean sakontzeko, ezinbestekoa suertatuko da bere garaia eta testuinguru historikoa ezagutzera ematea. Horretarako, garai hartako testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoa aztertzea izan dugu helburu: komunalen sistema, euskararen egoera, landa eremuko biztanleria, hirietako langileria... Azken finean, Zumalakarregi eta bere garaiaren inguruan ekarpenak egitean datza helburua, garai hartako liberalismoaren eta gaur egun luzatu den errelatoaren ikuspegitik harago”.
Argitalpen urtea: 2020.
Orrialde kopurua: 112.
Argitaletxea: Nabarralde.