Ucin-i buruzko bilera irekia gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 15a, 09:43

"UCINen aurkako salaketak eta UCINen jarduera lizentzia, Udalak zein Eusko Jaurlaritzak eman dizkiguten erantzunak jakinarazteko" bilera irekia deitu du Anerreka Ingurumen Elkarteak ostegun arratsaldeko 19:00etan Potxoenean.

Deialdiaren harira, segidan duzue osorik, Anerreka Ingurumen Elkartetik NOAUA!ra helarazi duten idatzia:

UCIN: BILERA IREKIA
Anerreka elkartea bezala Udalari eta Eusko Jaurlaritzari hiru urte daramatzagu JOSE MARIA UCIN, S.A. enpresaren teilatutik tratamendurik gabeko emisioak ateratzen ez direla berma dezatela eskatzen.

Gogora ekarri behar dugu Udalak, 2018ko uztailean UCIN S.A. enpresari emandako obra baimenean estalki berriak ITXIAK izango zirela ezartzen zela. Bi urte pasa dira eta UCINek ez du obra horren txostenik aurkeztu eta teitatua irekita jarraitzen du... eta urte bete Udalari dagozkion neurriak har zitzan eskatzeko azken salaketa formala aurkeztu genionetik.

Herritarrek ere teilatu horretatik tratamendurik gabeko keak ateratzen direlako edo herrian usain kutsakorrak barreiatzen direlako Udalari kexa adierazten urteak daramatzate.

Pausu bat haratago eman eta herritarrei salaketa formal bat jartzeko kanpaina proposatu genien. Hori dela eta udan hiru salaketa masibo burutu ditugu, azkena irailaren 19an.

Beste aldetik, Anerreka Elkarteak ikusten du UCIN S.A.k isurketa kutsakorrik sortzen ez duela bermatzeko teilatuaren itxiera beharrezko pausuen artean dagoela, baina ez da nahikoa. Horregatik, Udalari zein Eusko Jaurlaritzari alegazioak aurkeztu dizkiegu beraien eskumenak erabiliz, JOSE MARIA UCIN, S.A.-ri emandako Sailkatutako Jardueraren Lizentzia eguneratzeko eta 2020ko ekainaren 13tik Europa mailan indarrean dauden emisio baloreak eta isurien etengabeko jarraipenen baldintzak txertatzeko.

Bi ekimen hauen aurrean, UCINen aurkako salaketak eta UCINen jarduera lizentzia, Udalak zein Eusko Jaurlaritzak eman dizkiguten erantzunak jakinarazteko bilera irekia egingo dugu, Potxoenean, datorren ostegunean (urriak 15), arratsaldeko 19:00etan.

Gaiak:

  1. UCINen aurkako salaketak: Udala eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunak
  2. UCINen jarduera lizentzia: Udala eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunak