N-634 errepidearen itxiera urriaren 20an, "La Vuelta" igarotzeko

Izatez abuztuan abiatzekoa zen txirrindularien itzuliaren hasiera urriaren 20ra atzeratu zuen antolakuntzak, bizi dugun osasun krisialdia tarteko. Egun horretan ospatuko den lehen etapak, Irun eta Arrate lotuko ditu eta bidean, Usurbil zeharkatuko du. Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, ordubete pasatxoko tartean N-634 errepidea itxi egingo dute.

Espainiako 75. "La Vuelta" txirrindularitza proba abuztuan Herbehereetan hastekoa zen. Lehen hiru etapak lurralde haietan ospatuta, laugarrena, abuztuaren 18koa Hego Euskal Herrian aurreikusia zuten; Irunen hasi, Arrate amaitu eta bidean Usurbil zeharkatzekoa zen.

Covid19-a tarteko ordea txirrindularien hainbat proba atzeratu zituzten, tartean "La Vuelta", abuztuaren 14tik urriaren 20ra. Egun horretan hasi eta azaroaren 8an Madrilen amaituko da. Herbehereetako etapak bertan behera utzi ditu antolakuntzak, eta honenbestez, abuztuan aurreikusia zuten laugarren etapa, lehenengoan bilakatuko da; urriaren 20ko estreinako 173 kilometroko etapak Irun Arraterekin lotuko du, eta bidean, Usurbil zeharkatuko du. Ibilbideko 26. kilometroa izango da Usurbil. Orereta, Pasaia eta Donostia zeharkatu ostean N-634 errepidetik barrena helduko dira txirrindulariak Txikierdi aldera; Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dituzte errepide berean eta Oriorantz joko dute gero.

Itzuli hau tarteko, N-634 errepidea itxita egongo dela ohartarazi du Usurbilgo Udalak, 12:45-14:00 artean. "Inguru horretako enpresetara zein errepidera sarbide gertukoa duten etxeetan oharrak banatuko ditu udaltzaingoak, bizilagunak jakinaren gainean egon daitezen".


Informazio gehiago: lavuelta.es

2020ko Itzulia 2021era atzeratua
Punta-puntako txirrindulariak bitan zeharkatzekoak ziren Usurbil urte honetan. Abuztutik urrira atzeratu den "La Vuelta" probaren baitan, baita apirilean ospatzekoa zen Euskal Herriko Itzulian ere. Oreretan hasi eta Sestaon amaitzekoa zen apirilaren 10eko bosgarren etapa Usurbildik igarotzekoa zen. Covid19-a tarteko ordea, 2021era atzeratu dute. Asmoa, apirilaren 5etik 10era ospatzea litzateke, baina antolakuntzak ohartarazi duenez, "baliteke hurrenkera edo ibilbidea zertxobait aldatzea. Egutegia oraindik ez da ofiziala". Informazio gehiagorako: itzulia.eus

"LA VUELTA" URRIAREN 20an USURBILDIK