Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza hizpide Sutegin

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 16a, 10:50

Urtero antolatzen ditu udalak, bai eta elkarte batek edo bestek ere jatorri anitzeko pertsonak bildu eta lanketak egiteko ekitaldiak. Urteroko ezinbesteko zita, adibidez, jatorrizko herrietako gastronomia dastatzeko aukera izan ohoi da. Hari horri tiraka, lanketa sakonagoa egin nahi du udalak, eta proposamenak biltzeko bilera irekia izan da lehen urratsa. Sutegin hasi dute bidea Agurtzane Solabarrieta alkateak bideratuta.

Jatorri euskaldunekoa da usurbilgo biztanleen gehiengoa, %82,6. Gainontzeko ia %18k Euskal Herrikoa ez den jatorria du. Horietatik gehienak europarrak dira %12,2; gehienak Espainiatik Usurbilera etorriak, bai eta beste herrialde batzuetakoak ere. Aipagarrienak multzo honetan errumaniarrak. Amerikarrek usurbildarren %3,8a osatzen dute, eta afrikarrek berriz %1. Lehenak jatorriz Nikaragua, Ekuador eta Kolonbia eta Hondurasetik etorriak dira, batez ere; bigarrenen kasuan, aldiz, gehienak marokoarrak dira. Gutxien asiarrak ditugu gure artean, %0,4 baino ez. Ozeaniarrik bat bera ere ez dago.

 

Datu kuantitatiboak eskuan, udala ikerketa kualitatibo bat egiten ari da Aztikerren bidez. Elkarrizketa sakonak egingo dizkiete ezaugarri zehatz batzuk betetzen dituzten herritarrei: espresuki gonbidatuko dituzte herritar horiek azterlanean parte hartzera, aurrez definitutako 11 soslairen arabera aukeratuko dituztenak. Jatorri aniztasunaren gaineko esperientziak, diskurtsoak eta iritziak bilduko ditu Aztikerrek, eta diagnostikoa behin eginda herritarren arteko elkarbizitzan eta interakzioan sakonduko dute. Ikerketa behin amaituta, testigantzak ikus-entzunezko baten jasoko dituzte errealitatearen irudia denen eskura egon dadin, eta 2021 urtearen hasierarako publikoki aurkeztuko dituzte ikerketaren emaitzak.

 

Aurreikuspenen arabera, Covid19ak ekarri duen osasun krisiaren ostean krisi ekonomikoa etorriko da, eta krisi egoeratan arrazismoa esponentzialki hazten dela gogorarazi du alkateak: “Inoiz baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa elkarbizitzan inbertitzea: egingo dugun inbertsiorik garrantzitsuena dela esango nuke”. Elkarbizitza espazio bat elkarbanatzeaz harago doala nabarmendu du, “elkarrekiko errespetua eta enpatia” dela herrikide izatea.