Ezohiko kirol denboraldia

Zaleturik gabeko neurketekin hastera doaz gaur Haranen

Ezohiko kirol urtea abiatu da txoko guztietan, covid19-ak baldintzaturiko neurrien eraginpean. Harane da horren isla argietako bat. Jardunari ekin diote, larunbat honetan futbol partida bat programatu dute baina zaleturik gabe.

Covid19 garaiko kirol denboraldia hasi ahal izan dute kirol taldeek. Ezohiko neurri eta baldintza artean ordea. Kalezarko Harane futbol zelaia horren lekuko argia da. Neurketak jokatzen hastekoak dira bertan, Usurbil F.T.-tik aditzera eman dutenez. Larunbat honetan bertan (urriak 17) ospatuko da partida bat; erregional preferenteen mailako emakumezkoen arteko partida. 

Larunbat arratsaldeko 16:00etan hasita, etxekoak, Usurbil F.T. eta Elgoibar lehiatuko dira Haranen. Aipatu moduan ordea, ezohiko neurrien artean. Momentuz behintzat zaleturik gabe. Datorren astebururako partida gehiago iragarri ditu Usurbil F.T.-k. Neurketa ofizialak, baina entrenatzaile eta jokalariekin soilik, zaletuen parte hartzerik gabe.

DATOZEN FUTBOL PARTIDAK
Urriak 17, larunbata
16:00 Emakumezko erregional preferenteak: Usurbil F.T.-Elgoibar

Urriak 24, larunbata
11:30 Kadeteak: Usurbil FT A-Zumaiako
15:30 Preferente mutilak: Usurbil FT-Tolosa

Urriak 25, igandea
11:00 Kadete neskak: Usurbil FT-Martutene