Urriaren 24tik azaroaren 12ra

Errigoraren udazkeneko kanpaina ate joka

Udazken garaiarekin batera, bueltan dator Errigoraren kanpaina berria; "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka". Nafar hegoaldeko tokiko produktuak eta euskara sustatzen laguntzeko elkartasun ekimen berrirako eskabideak laster bideratzen hasi ahalko zarete, urriaren 24tik aurrera hain zuzen.

Udazkenarekin batera bueltan dator Errigoraren "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" elkartasun kanpaina. Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuak erosiz, bertako ekoizpena sustatzen lagunduko dugu baina baita bultzada beharrean zonaldeko euskalgintza ere. Sustatzaileek helarazitako lehen datuen arabera, ia hiru asteko iraupena izango du produktu goxo askoak eskuratzea ahalbidetuko digun ekimenak; urriaren 24an hasi eta azaroaren 12ra arte. "Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxeetara eramaten ditugu kanpaina honetan. Kasu honetan, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten diogu (saski bakoitzaren balioaren %25). 2013an kanpaina lehenengoz egin zenetik eskaintzan hainbat aldaketa egin dugu. Egun 3 saski ematen dira aukeran", Errigora ekimenaren sustatzaileen esanetan.

Hiru saski izango dira aukeran; beltza (betikoa), berdea (ekologikoa) eta zuria (berezia). Bakoitza produktu goxo askoekin. Aurreko urteetan bezala, ekimenaren edizio honetan ere eskabideak NOAUA! Kultur Elkartetik bideratu ahalko dituzue. "Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz". Informazio gehiago, errigora.eus atarian jaso dezakezue.