Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna

Eskualdean barrena osteratxoa egiteko aukera aparta urriaren 25ean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 17a, 08:51
Buruntzaldeko Ibilbideen Eguneko antolatzaileak, urriaren 16an eginiko agerraldian. Argazkia: Usurbilgo Udala.

Tipi-tapa eskualdeko bideak eta landa inguruneak ezagutzeko aukera aparta izango dute parte hartzaileek urriaren 25ean. Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna erdi presentziala, erdi birtuala izango da, covid19-aren eraginez.

Tipi-tapa eskualdeko bidezidorretan barrena ibiltzeko aukera aparta eskainiko digu urriaren 25ean ospatuko den Buruntzaldeko Ibilbideen Egunak. Ekimenaren hamahirugarren edizio honetan aurreko urteen ildotik, bost ibilbide osatzeko aukera izango dugu “zailtasun eta distantzia desberdinekoak, herriotan jarritako panelei jarraituz egin daitezkeenak. Lehiatzeko ez den eta edozein pertsonarentzat egokia den jarduera egiteko eta Buruntzaldeko landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek”. Bidean zehar, nondik jo, eta informazio interesgarridun panelak egokituak dituzte udalerri parte hartzaileek. Bertan dauden QR kodeak eskaneatuta, Navi Ruta aplikazioaren eskutik, ibilbideei buruzko informazioa jaso ahalko dute: nondik abiatu, nondik segi, interes guneei buruzko xehetasunak…

Koronabirusak baldintzaturiko edizioa izango da aurtengoa. Antolatzaileek bizi dugun ezohiko osasun krisialdira egokitu behar izan dute ekimena. “Aurten ez da kontrol eta anoa punturik jarriko, eta ez da autobus zerbitzurik izango”. Lehen parte hartzea modu presentzialean egiaztatu beharra izaten zen, oraingoan aldiz, zereginotarako webgune bat prestatu dute antolatzaileek.  Urriaren 25ean egun osoz bertan erregistratzeko aukera egongo da. Parte hartzea sarituko dute hain zuzen; “ibilaldiaren osteko egunetan opari bana emango zaie norbere herriko kiroldegian”.


Buruntzaldeko Ibilabideen 13. Eguna
Eguna:
urriak 25, igandea.
Ordutegia: 08:00-14:00.
Ezaugarriak:
ANDOAIN – LASARTE-ORIA. Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Oinez soilik egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Oinez soilik egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino). Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

Antolatzaileak: Lasarte-Oriako, Urnietako, Andoaingo eta Usurbilgo kirol zerbitzuek.
Laguntzaileak: Andatza eta Euskalduna elkarteak eta Ostadar SKT.