Añarbe Mankomunitateko udalerrietan

Adi uraren kalitateari lotutako ustezko iruzurrarekin

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 19a, 12:02

Añarbe Urak erakundeak mankomunitateko udalerrietan, tartean Usurbilen ustez egin nahian dabiltzan iruzur batez ohartarazi du; iturriko uraren kalitatea zalantzan jarrita, "ura arazteko iragazkiak edo ekipoak etxez etxe" saldu nahian dabiltza. Baina Añarbetik argi utzi nahi dute; iturriko uraren kalitatean ez dago inolako arazorik.

Adi, ustez Añarbe Mankomunitateko udalerrietan egin nahian dabiltzan iruzurrari. Añarbe Urak erakundeak salatu eta ohartarazi duenez, uraren kalitateari lotutako ustezko iruzur bat dago martxan. Usurbilgo Udalak berri eman duenez, “ustezko iruzur bat gertatzen ari da ura arazteko iragazkiak edo ekipoak etxez etxe saltzeari dagokionez, Mankomunitatearen eremuko udalerrietan uraren kalitatea txarra dela argudiatuz”.

Ustezko iruzurgileen jokatzeko moduaz ohartarazi dute; lehenbizi telefonoz deitzen dute. Uraren kalitatea aztertzeko hitzordua jartzeko eskaintza egiten diete erabiltzaileei edota "zuzenean etxebizitzara sartzen saiatzen dira, etxeko atean agertuz" diote Añarbe Urak erakundetik. "Behin etxe barruan, ustezko teknikariak zenbait proba engainagarri eta trikimailu kimiko egiten ditu, erabiltzailea konbentzitzeko iturriko ura edateagatik duen arriskuaz eta, ondorioz, iragazteko ekipo batzuk instalatzeko beharraz. Ekipo horien instalazio eta mantentze-kostua milaka eurokoa izan daiteke". 

Uraren kalitatea eta osasungarritasuna bermatuta
Adineko herritarrak dituzte jomuga. "Bereziki adineko pertsonei zuzendutako bisita horietan zalantzan jartzen da iturriko uraren kalitatea eta osasungarritasuna, eta ustezko arazoa konpontzeko gailu bat jartzea eskaintzen da".

Añarbe Urak erakundeak zeharo gezurtatu ditu uraren kalitateari lotutako arazoak daudenik. Erakundetik argi utzi nahi dute, "ez du zerikusirik bisita horiekin (ez zuzenean, ez udalen bidez), eta gogorarazi nahi du iturriko uraren kalitatea eta osasungarritasuna bermatuta daudela. Hori dela eta, iruzur horren aurrean kontuz ibiltzea gomendatzen zaie herritarrei".

Halako praktiken biktima direnei, Kontsumobideren webgunean erreklamazioa aurkeztea aholkatzen die.