Astelehen iluntze honetan, 21:00etan hasita abisu horian egongo gara datozen egunotan haizeagatik, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Haizeguneetan "Gipuzkoako mendi inguruetan hego/hego-ekialdeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki ekialdean" gauerdira arte. Haizeguneak ez diren tokietan "hego/hego-ekialdeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki ekialdean". Asteartean egun osoz, haizeguneak ez diren tokietan ere abisu horian segiko dugu. "Egunaren lehen partean, hego/hego-ekialdeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Egunaren bigarren partean haizea indartu egingo da eta haize-boladek 90 km/h-ko abiadura gaindi dezakete Gipuzkoan bereziki ekialdean eta azken orduetan".
Asteazken goizaldean, "lehen orduetan, hego/hego-ekialdeko haize-boladek 90 km/h-ko abiadura gaindi dezakete Gipuzkoan haizeguneak ez diren tokietan. Goizak aurrera egin ahala, haizeak indarra galduko du". Asteazken goizeko 9:00etan indargabetu asmo dute abisu horia.
Haizea indartzera
Giro haizetsu hau aipatu moduan, Usurbilen ere nabarituko dugu. Astelehen honetan (urriak 19), udalerri honetan "zerua partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituz; gauean ugaritu egingo dira. Hego/hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Egunaren bigarren zatian indartu egingo da. Tenperaturak berdin jarraituko du edo gutxi igoko da".
Bihar (hilak 20), "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Baliteke han-hemenka euri txikia egitea. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin, bereziki gauean. Tenperatura minimoak nabarmen igoko dira eta maximoak gutxi jaitsiko dira".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus