Usurbil ere bularreko minbiziaren aurkako borrokan bat eginik

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 19a, 12:52

Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna gaur (urriak 19). Usurbilek ere bat egin du borroka honekin, udaletxeko balkoian eseki duten larrosa koloreko xingolarekin. Egun honen bueltan gogoratzekoak; Osakidetzak minbizi mota hau goiz detektatzeko martxan duen programa. Eta Katxalin Elkarteak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, egunotarako antolatu duten martxa solidario birtuala. Bularreko minbizia ikertzeko laguntza biltzea du xede nagusia.

Aldarri anitzen isla dugu Usurbilgo Udaleko balkoia aspalditik; ekainaren 28ko Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunarekin bat egiten duen oihal bat zintzilik dute, erraustegiaren aurkako pankarta erraldoi bat ere bai aspaldidanik, xingola beltz batekin batera. Astelehen honetan arrosa koloreko xingola bat irudia daramana eseki du Udalak.

Urriak 19 ditu gaur, astelehena: Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Egun hau oroitzeko eseki dute aipatu xingola arrosa Udalak eraikineko balkoi nagusian. Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartearen aipamena darama aldarriak.

Martxa solidarioa
Egun honen harira, Katxalin, Gipuzkoako Bularreko eta Ginekologiako Minbiziak Kaltetutako Emakumeen Elkarteak urtero antolatzen duen martxa solidarioa birtuala izango da aurten, urriaren 17tik 25era. Erronka pertsona bakoitzak 5 kilometro eta guztira 25.000 kilometro gainditzea litzateke, eta ekimen horretatik bildutako laguntza Biodonostiara bideratuko da, bularreko minbizia ikertzera. Informazio gehiago, katxalin.kinendu.com atarian.

Goiz detektatzeko programa
Osakidetzak ohartarazi duenez, ia ehuneko ehunean emakumeek jasaten duten gaixotasuna da bularreko minbizia. "Gurean, tumore gaizto ohikoena eta lehen heriotza kausa da". Gaixotasun honen sorburuari buruzko informazioa ere eskuragarri duzue Osasun Sailaren web orrialdean. "Gaixotasuna hasten da zelulak bularrean modu ezohikoan eta kontrolik gabe handitzen hasten direnean eta koskorra eratzen dutenean (tumore izenez ezagutzen zaio). Zelula horien ezaugarrien arabera, bi tumore mota bereizten dira. Minbizia hazi ahala, zelulak sakabanatu egin daitezke gorputzeko beste alde batzuetara eta horrek heriotza eragin dezake".

Minbizi mota hau goiz detektatzeko programa martxan du Osakidetzak, 1995. urteaz geroztik. "Programaren helburua da bularreko minbizia ahalik eta goiztiarren detektatzea, aipatutako minbiziagatiko hilkortasuna gutxitu eta kaltetutakoen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, ebaketarik gabeko tratamendu kirurgiko kontserbatzaile gehiago eginez". Prebentzio gisara, "aldebiko mamografiak egiten dira proiekzio bikoitzean, 50-69 urte bitarteko emakumeei zuzenduta".

Programa honetako helburuak betetzeko, minbizi mota honek eragindako heriotzak murrizteko ezinbestekotzat jotzen du Osakidetzak, "partaidetza handia lortzea, eta bularreko minbiziak eta tumoreak ahalik eta goiztiarren detektatzen tasa handiak lortzea".