Musika eta dantza eskola berrituaren inaugurazio ekitaldia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 21a, 11:41

Zumarte eraikin berritua Orbeldi Dantza Taldearen eta Zumarte Musika Eskolaren aterpe izango da. Birgaitze eta handitze lanen emaitzak bertatik bertara ezagutarazteko xedez, Udalak hiru bisita antolatu ditu larunbat honetarako. Bisiten ondoren hasiko da inaugurazio ekitaldia.

Azken lanetan izan dute asteotan Kale Nagusiko Villa Pilar eraikina, laster batean, Zumarte Musika Eskolaren eta baita Orbeldi Dantza Taldekoena ere izango den egoitza berria. Garbitze eta hornitze lanak amaituta gunea erabiltzen hasteko moduan izango dute.

Birgaitze eta handitze lanen emaitza bertatik bertara ezagutzeko bisitak antolatu ditu Usurbilgo Udalak herritarrentzat urriaren 24rako. Ordu erdiko hiru bisita, eta segidan inaugurazio ekitaldi xume bat. Hitzordu guztiak, bizi dugun osasun krisialdira egokituak egongo dira. Bertaratu ahal izateko aurrez eman beharko da izena.

Urriak 24, larunbata
11:00/11:30/12:00 
Bisitak.
12:30 Inaugurazio ekitaldia.
Izen ematea: hezkuntza@usurbil.eus
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.