Haizeak gogotik astinditu ditu bazterrak. Bolada gogorrak izan dira azken orduotan, eta begi bistako ondorioak utzi dizkigu. Albiste honi atxikitako argazkia Errekatxiki kaleko etxebizitza batean bizi den herritar batek helarazi dio NOAUA!ri. Zuhaitz bat jausi da espaloira eta autoak aparkatuak zeuden bidera. Usurbilgo Udalak berri eman duenez, frontoitik gertu, udaletxe atzealdeko Kontseju Zarra kalean eta Txikierdiko bidean ere zuhaitzak erori dira.
Euskotrenek berri eman duenez bestalde, tren zerbitzua etenda dago Usurbil eta Orio artean trenbidera jauzi diren zuhaitzengatik. Halakoetan egin ohi duten moduan, tren zerbitzua ezarri du Euskotrenek. Euskotrenek berak Twitter bidez jakinarazi duenez, "Usurbil-Orio artean Donostiarako noranzkoan. Bilborako noranzkoan, Usurbil-Elgoibar tartean (Bilboraino trenak) eta Usurbil-Orio artean (gainerakoak).
1.044 gertakari
Haizeak gogor jo du ez bakarrik Usurbilen, baita gainerako udalerrietan ere. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, 1.044 gertakari izan dira azken orduotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Intzidentzia gehien (526) Gipuzkoan, 357 Bizkaian eta 161 Araban. Gertakari gehienak zuhaitzen erorketek eta lekuz mugitu edota haizeak irauli dituen edukiontziek eragindakoak izan dira.
Denboralea amaitua
Gogoan izan, haizeagatik abisu horian ginen astelehen iluntzeaz geroztik, eta egoera okertu egin zen bart; alerta laranjan izan gara bart iluntzeko 21:00etan hasi eta goizaldeko 3:00ak arte, orduko 100 kilometrotik gorako haize boladak izan genitzakeelakoan. Iragarpena bete da noski. Goizaldeko 3:00etatik abisu horian izan gara 9:00ak arte. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "haizea bizkor ahulduko da". Jada baretu da. Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus