Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketarik ez neguan

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 22a, 09:38

Negu partean Usurbilgo Aitzagan eta Aginagako Atarialde elkarteetan ospatu izan diren Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa saiorik ez da jokatuko datozen hilabeteotan, covid19-aren eraginez. Baina bi ekimen alternatibo iragarri ditu Euskal Herriko Mus Federazioak; batetik, konfinamendu hasieran ospatzekoa zen aurreko edizioko finala antolatu asmo dute martxorako, eta lehenago, Seaska laguntzea helburu izango duen musaldi berezia, Euskal Herrian ezagunak diren kultura eta kirol munduko pertsonekin.

Euskal Herri luze zabaleko mus zaletuak biltzen dituen txapelketaren edizio berririk ez da ospatuko datorren neguan; bistan denez, bizi dugun osasun krisialdiagatik. "Uste dugu momentu honetan Covid-19 bezala ezaguturiko gaitzari aurre egiteak lehentasuna duela. Horregatik osasuna eta pertsonak erdigunean jarriz aurten, nazio mailan herriz herri burutzen den mus txapelketa ez antolatzea erabaki dugu", berri eman du Euskal Herriko Mus Federazioak. 

Dakizuenez, Euskal Herri mailako final handi batekin amaitu izan da aurreko urteetan ekimen hau. Aurretik, herrialdeetako zazpi finalaurreko jokatu izan dira eta hitzorduotarako sailkatzeko saioak herriz herri, abendua-otsaila artean. Tartean, azken urteotan, Usurbilgo Aitzagan eta Aginagako Atarialde elkarteetan antolatu izan dituzte kanporaketa saioak. Negu honetan beraz ez dira hitzorduok ospatuko.

Mus saio solidarioa
Baina beste hainbat eragile hilabeteotan egiten ari diren moduan, egungo ezohiko testuingurura egokitutako alternatiba prestatu du Euskal Herriko Mus Federazioak. Batetik, aurreko edizioko finala jokatzeke geratu zen; izatez, martxoaren 14an, alarma egoera indarrean jarri zuten egunean bertan ospatzekoa zen Arabako Zigoitian eta hitzordu hura atzeratzera erabaki zuten. "Covid-19 bezala ezaguna egin den gaitzaren zabalpen bizkorrarekin egin genuen topus. Hastapeneko garai haiek, garai nahasiak izan ziren, ez genekien gaitzaren zabalpena eta hartuko zuen dimentsioaren berri eta denborak erakutsi digu asmatu genuela nazio mailako finala atzeratzearekin".

Hasiera batean maiatzera atzeratu zuten final handia. "Nahikoa izango zelakoan bageunden ere, garbi dago momentuan epe motzean ez dagoela baldintzarik zazpi herrialdeetako 128 bikote segurtasunez biltzeko eta musean aritzeko". Ondorioz, urtebetez, 2021eko martxora atzeratu dute. "Sailkaturiko bikoteen zerrenda badugu, webgunean dugu plazaraturik eta bakoitzarekin harremanetan ere jarri gara. Beraz aurten finalera sailkatu zirenek datorren urtean jokatuko dute finala Zigoitian", iragarri dute antolatzaileek.

Txapelketaren 13. edizioa ez da ospatuko hilabeteotan urtebete atzeratuko dute baita. "
Baina 2020an zerbait egingo al da? Bai", dio Euskal Herriko Mus Federazioak. Ekimen solidario bat. Abendu aldera, "musaldi berezia antolatu asmo dugu. Euskara oinarri hartuaz gizarteko edozein eremutan ezagun diren herritarrak musean jarriko ditugu". 

Kultur eta kirol eremuko herritarron arteko lehian nagusituko den bikote irabazleak 2.000 euroko saria irabaziko du. Baina sari hau dohaintzan Mango dio Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteari, Seaskari. 

Informazio gehiagorako, ehmus.eus ataria.