Koronabirusa

Murrizketa berriak zehaztu ditzakete datozen orduotan

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 22a, 07:29

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak iragan larunbatean zehazturiko murrizketak ez dira oraindik martxan jarri. Haietako bat, 10 pertsonako bilkurak seira murrizten zituen erabakia ez du baimendu Euskadiko Auzitegi Gorenak. Egungo egoera aztertu eta neurri berriak hartu edo ez erabakitzekoa da ostegun honetan Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea; "LABI" izenez ezaguturiko taldea.

Hilabeteotan sarritan gertatu den moduan, nahasmena nagusi berriz ere, covid19-aren hedapena gerarazteko hartu beharreko neurriei dagokienean. Igaro den larunbatean, hainbat murrizketa iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak. Euskadiko Auzitegi Gorenak erabakiok berretsi eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak iragarri arte indarrean ez zituztela jarriko iragarri zuten. Aipatu auzitegiak jada neurriotako bat martxan jartzea eragotzi du ostegun goiz honetan; bilkurak hamarretik sei pertsonara mugatzea ez du baimendu, azken orduotan hedabide anitzek berri eman dutenez, oinarrizko eskubideak urratzen dituelakoan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak proposaturiko gainerako neurriak bai babestu ditu. 

Edozein kasutan, oraindik neurriotako bakar bat ere ez dago ofizialki indarrean. Ostegun honetan Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea (LABI taldea) biltzekoa da, egungo egoera aztertzeko eta neurri berriak hartu edo ez erabakitzeko. Bilera amaituta, arratsaldeko 18:00ak aldera hedabideen aurrean agerraldia egitekoak dira. 

Momentuz, iragan larunbatean iragarri eta zehaztu zituzten neurrien berri baino ez du ezagutzera eman Eusko Jaurlaritzak. Herritarren segurtasuna bermatu eta koronabirusaren hedapenari eusteko pertsonen mugikortasuna mugatuko duten neurri berriok:

Neurri nagusiak
-Talde bilerak 10etik 6 pertsonara murriztuko dira (EAE-ko Auzitegi Nagusiak neurri hau ez du baimendu).
- Aforoak % 50era murriztuko dira jarduera-eremu guztietan.
- 400 pertsonako muga jende askoko bilkuretan eremu itxietan eta 600ekoa irekietan.
- Ostalaritzako establezimenduak 24:00etan itxi beharko dira. Txoko eta elkarte gastronomikoetako jarduera debekatua.
- Parkeak eta lorategiak eta haurrentzako jolas-parkeak 23:00etatik aurrera ezingo dira erabili.
- Bertan behera geratuko dira kirol-lehiaketa ez-federatuak.
-Kasu positiboen isolamendu aldia (3 egun sintomarik gabe egon badira) eta kontaktuen berrogeialdia 10 egunekoa.
-Zaintza eta kontaktuen miaketa lanetarako 45 pertsonen kontratazioa.