Zumarteren inaugurazioa

"A ze eraikina!"

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 24a, 14:58

Astelehenetik aurrera, Zumarte Musika Eskolak egoitza berriaz gozatzeko aukera izango du. Covid-19 birusaren ondorioz aforoak asko murriztu behar izan direnez, Orbeldi Dantza Taldekoak aurrerago hasiko dira eraikin berrian entseatzen. 

Covid-19a dela tarteko, aforoa mugatu behar izan dute gaurko inaugurazio ekitaldian. Horregatik "aurreko legealdiko hautetsi guztiak ezin izan ditugu gonbidatu", azaldu du Beñat Larrañaga udal zinegotziak. "Haiek abiatutako proiektua eta inbertsioa da hau. Haien konpromiso eta bultzadarik gabe ez ginateke gaur hemen izango". Haien adibidea jarraituz segi dutela lanean adierazi du Larrañagak.

Aurreko udal gobernu taldearen izenean Alaitz Aizpuruak hartu du hitza. "Ez ziren urte errazak tokatu baina udal gobernu taldetik garbi genuen Zumartek eta herri honek behar zutela musika eskola egokiagoa". Eraikin berriaz gozatzeko aholkua emanez amaitu du bere hitzaldia.

Agurne Alkortak hartu du azkenik hitza. "A ze eraikina!" esanez abiatu du bere hitzartzea. Zumarte Musika Eskolako lehendakariak hitzaldi hunkigarria eskaini du. Esker oneko hitzak izan ditu jende askorentzat. Zumarte Musika Eskola martxan jarri zuten kideentzat eta Usurbilgo Udalarentzat eraikin berria bultzatzeagatik. OS3 Arkitektura Taldekoak ere gogoan izan ditu, proiektua hasiera-hasieratik eurekin partekatzeko denbora hartu zutelako. "Eskerrik asko sagarnatarrei (arkitekto taldeko kideak) beren diseinua gurekin pentsatuz egitearren. Herriari zuen opari ederrenetakoa egin diozuela pentsatzen dut".