Koronabirusa

Sektore eta herri eragile ezberdinekin biltzekoa da Udala asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 27a, 09:14

Bizi dugun egoerarekiko eta etor daitekeenarekiko kezka agertzearekin batera, egin ezin daitekeen horretan baino egin daitekeenean jarri nahi du arreta Usurbilgo Udalak, alkate Agurtzane Solaberrietak sare sozialen bidez jakinarazi duenez. Asteazken honetan, herriko sektore eta eragile anitzekin biltzekoa da egoeraren azterketa partekatu eta egin daitekeenaz hausnartzeko.

Alarma-egoera indarrean da igandeaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren murrizketak ere martxan goizaldetik. Osasun krisialdiari lotutako egoera zaila dela eta, kezka agertu du Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak une honekiko eta etor daitekeenarekiko. Arduraz jokatzeko deia egin du, Buruntzaldea eta Gipuzkoaren antzera, Usurbilek ere astelehen honetan 100.000 biztanleko 500 covid19 kasuen 14 eguneko tasa gainditu eta eremu gorrira igaro ostean. "Egoera kezkagarria da, aste eta hilabete gogorrak ditugu aurretik, eta, inoiz baino gehiago, arduraz jokatzeko garaiak dira", adierazi du alkateak sare sozialen bidez.

Halere, arreta egin ezin daitekeen horretan baino egin daitekeenean jarri nahi dute Udaletik. Ildo horretan, asteazken honetarako (urriak 28) herriko sektore eta eragile anitzekin biltzekotan dira, une honetako egoera aztertu eta aurrera begira jorratu daitekeen bideaz aritzeko, “egoeraz egiten dugun hausnarketa partekatu eta egin ezin daitekeen horretan indarra jarri baino, elkarrekin eta elkarlanean egin daitekeenaz hausnartzeko. Horixe da txertorik eraginkorrena, aurrera egiteko. Zaindu!” eskatu die alkateak herritarrei.