Merkataritza hizpide

Ixabel Esnaola Estetika Zentroa: "Jendeak bonu asko erosi ditu eta erosten jarraitzen du"

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 29a, 08:55

"Jendeak bonu asko erosi ditu eta erosten jarraitzen du. Oso pozik gaude nola funtzionatzen duen ikusita", adierazi digu Ixabel Esnaolak herri erdigunean duen estetika zentrotik, Gertuago erosketa-bonuen egitasmoaren inguruan. Azken hilabeteotan bizitakoa partekatu du NOAUA!rekin.

NOAUA! Martxoan egoera gogorra izan zen merkatarientzat. Nola bizi izan zenituen hilabete haiek?
Ixabel Esnaola Estetika Zentroa:
Egoera berri bat sortu zen, sekula halakorik ikusi gabe geunden eta onartzea beste erremediorik ez genuen izan. Ikuspuntu ekonomikoa izan zen arazo larriena, baina tira, buelta eman behar horri ere.

Maiatzean berriz ireki zenuten zentroa, ezta?
Maiatzaren 4an ireki genuen berriz. Jendeak oso erreakzio ona izan zuen eta berehala itzuli zen tratamenduak eskatzera. Inongo beldurrik gabe hasi ziren etortzen, eta gustura bi hilabete etxean sartuta eman ostean. Pauta batzuk eta osasun egoerak eskatzen dituen protokoloak jarraituz ireki genuen, eta horretan jarraitzen dugu. Jendea nahikoa animatuta dago eta martxa hartu dugu berriz ere.

Zein dira eskaintzen dituzuen zerbitzu nagusiak?
Aurpegiko tratamenduak, depilazio laserra, depilazio elektrikoa, fotodepilazioa, solariuma... Gisa horretako tratamenduak egiten ditugu hemen. Aurpegiko tratamendu asko eskatzen dizkigute, bai eta gorputzeko tratamenduak ere. Depilazioak ere arrakasta handia du. Usurbildarrak ibiltzen dira hemen gehienak, baina kanpoko jendea ere animatzen da. Mugimendua badago zentzu horretan. Familiarteko usurbildarrak dituztenak bisitan etortzen dira batzuetan, eta probatzen dituzte gure tratamenduak eta asko itzultzen dira berriz. Betiko bezeroak eta gisa horretakoak ditugu batez ere. Jarraipena behar duten tratamenduak dira depilazioari lotutakoak eta aurpegiko tratamenduak ere bai, orduan bezero gehienak behin baino gehiagotan etortzen dira. Solariuma orain lasaiago dago, udaberrian eta uda parte horretan ibiltzen dira gehienak, eta orain beherakada izaten du. Hala ere, badaude urte osoan zehar solariuma erabiltzen dutenak ere.