Merkataritza hizpide

Eroski City: "Oraindik ere nabaritzen dugu jende gehiago dabilela”

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 29a, 09:01

Argazkiaren egilea: Ion Markel Saez de Urabain.

Pandemia hilabeteotan bizitakoa partekatu dute Eroski Cityko langileek NOAUA!rekin, asteroko "Merkataritza hizpide" atalerako.

NOAUA! Konfinamentu garaia merkatari askorentzat oso gogorra izan zen negozioa itxi beharrarekin. Zuentzat inoiz baino lan gehiago suposatu zuen?
Eroski City:
Lan izugarri egin genuen, goiz goizetik ixteko ordura arte. Jende gehiago etortzen zen erostera, hornitzaileak ere egunero joan etorrian... Gehiago saltzen genuen, baina uneoro jarri behar genituen falta ziren produktuak. Kate bat da nolabait, eta horrek lan gehiago suposatzen du. Jendearen jarrera ere bi motatakoa: oso ongi portatzen zirenak eta kasi polizia lana egitera bultzatzen gintuztenak. Gu onenarekin geratzen saiatu gara, eta gure arteko harremanak indartzeko ere balio izan zigun konfinamentu garaiak.

Egoera berri horrekin jendearen erosteko ohiturak ere aldatu al ziren?
Gehien harritu ninduena zen jende gehienak produktu freskoak eramaten zituela, eta ez horrenbeste latako janaria edo etxeko apalategian egunak eman ditzaketen produktuak. Ez zen hori bakarrik izan arraroa, goizean irekitzen genuenerako izugarrizko ilara egoten zen atean, batzuetan beldurra ere ematen zigun zenbat jende zegoen ikusteak. Kuriosoa zen gainera askotan jende berdintsua egoten zelako lehen orduetan. Egia da egoera horretan etxeko kide guztiek otordu guztiak etxean egiten zituztela, eta horrek ere erosketa bolumena handitzea zekarrela, eta jendeak gehiago erosten zuen. Jendea ere gutxiago ateratzen zen herritik eta betiko bezeroez gain, ohikoak ez ziren bezeroak ere izaten genituen. Azken horietako batzuk oraindik ere hemen ibiltzen dira, ohitura berria hartuta edo.

Orain jada erabat normaldu da kontua edo ohi baino jende gehiago dabil?
Salmentek gora egin dute, hori datuetan argi eta garbi ikusten dugu, eta gure laneko egunerokotasunean ere bai. Komertzio txikiei bultzada eman nahian gabiltza, eta neurri batean guk ikusi dugu horren aldeko apustua egin duela jendeak.